Ekainaren 15era arte irekita dago jada, San Praixku Guraso Elkarteak uda honetarako Aginagan antolatu dituen udako txokoetan izen emateko epea. Txokoak uztailaren 2tik 30era burutuko dira, goizez, 10:00-13:00 artean. Antolakuntzatik ohartarazi dutenez, irteerak egiten diren egunetan eguneroko ordutegia aldatu daiteke. Informazio gehiago eta izen emateko honako telefono zenbaki hauetako batera deitu daiteke: 600 484 948 (Manuel) edo 650 011 933 (Mari Jose). Prezioak iazko antzekoak izango direla iragarri dute, txokoetan parte hartzeko gonbita luzatzearekin batera. “Aukera ederra eskola desberdinetan ibiltzen zaretenok, Aginagan bertan elkartzeko”, adierazi dute San Praixku Guraso Elkartetik.
Udajolaseko bilera, ekainaren 13an
Bestalde, ekainaren 13an burutuko da Udajolaseko guraso bilera. Usurbilgo Udalak eta NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko ekimen honen inguruko zehaztasunen berri izateko hitzordua, arratsaldeko 17:00etan finkatu da Udarregi Ikastolan. Bilera Udajolasen izena eman duten haurren gurasoei zuzendua dago.