Maiatzaren 26az geroztik zenbatzen hasita, 10 lan eguneko epean ikusgai egongo dira Maixu etxeko alokairu sozialeko pisuan bizitzeko egon diren eskaera onartu eta baztertuen behin behineko zerrendak. Tarte horretan, interesdunek erreklamazioak aurkezteko aukera izango dute, Usurbilgo Udalak web orri bidez ohartarazi duenez. Gernika ibilbidea, 13 1. eskuinako pisuko maizterra aukeratzeko prozesuan hurrengo urratsa, Udalak erreklamazioak aztertu eta erantzutea izango da. Gero, aipatu erakundeak "onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onartu eta zozketarako eguna izendatuko du".
8 izen emate, zazpi prozesuan aurrera
Izen emateko egon zen epearen baitan, Maixu etxeko pisu honetan bizitzeko zortzi eskaera jaso zituen Usurbilgo Udalak. Horietatik, Udalaren esanetan, "batek izan ezik, gainontzeko guztiek, zazpik" betetzen zuten Usurbilen erroldatua egoteko baldintza. Eta hauek honenbestez, prozesuan aurrera jarraituko dute.