Nafarroako Konkistaren 500. urtemugaren eta hainbat euskal udalerriren bonbardaketen 75. urtemugaren harira, Usurbilgo Aralarrek eta Bilduk aurkezturiko mozioa onartu zuen udalbatzak atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran. "Gure herriaren memoria historikoa bizirik mantentzeko eta sustatzeko beharra aldarrikatzen du. Ildo honetatik, Udal honek sektore batzuek gertaera historiko horietaz egindako irakurketa okerra eta manipulatua salatzen du", dio atzo onarturiko adierazpenak.
Sei puntuko testuan gainera, "Usurbilgo Udalak Espainiako Estatuari dei egiten dio Nafarroari eta Euskal Herri osoari 1512ko Konkistan eta 1936-39ko altxamendu faxistan eragindako kaltearen aitortza egitea". Euskal Herriak herri gisa dituen eskubideen aldeko defentsa egiten du mozioak, eta gaineratzen denez, "euskal jendarteak bere etorkizunaz libreki hitz egin eta erabakitzeko eskubidea duela aitortzen du. Era berean, Udal honek eskubide horren alde jarduteko bere konpromisoa adierazten du".
Mozioak datozen hileotarako bi deialdi ere jasotzen ditu. Batetik, uztailaren 25ean Nafarroako ikurra masta erdiraino eskegiko du Udalak, "Iruñea konkistatu zuten 500 urte betetzen direlako". Lehenago, ekainaren 16an Nafarroa Bizirik plataformak Iruñean deitu duen martxa nazionalarekin ere bat egiten du mozioak, "herritarrei dei egiten die bertan modu aktiboan parte har dezaten". Udal ordezkaritza bat izango da bertan, "herriko izena eramanez".
Hamaikabat udal taldeak testua puntuz puntu bozkatzea proposatu zuen. Osoko ohiko bilkuran, parte hartzen ari ziren gainerako udal taldeek, Aralar eta Bilduko ordezkariek proposamena onartu eta testuko sei puntuak banan bana bozkatu zituzten. Seitik lau puntu aho batez onartu zituen udalbatzak. Beste bietan, Iruñeako martxa iragarri eta bertan parte hartzeko gonbita luzatzen zuten bi puntuetan, Hamaikabatek abstentziora jo zuen.
Egitaraua
Jaia eta aldarrikapena uztartuko dituzte, ekainaren 16rako Nafarroa Bizirik bilguneak Iruñean antolatu dituen ekitaldiek. Hona hemen, egitarau osoa:
10:30etatik aurrera, Zezen Plazan erakusketak, artisau azoka eta argitaletxeen azoka.
10:30etatik aurrera, Alde Zaharretik kale animazioa, fanfarreak... Peñak zabalik eta hamaiketakoa.
12:00 Zezen Plazan: harrera ekitaldia eta herri kirol jaialdia.
14:00 Herri Bazkaria zezen plazan.
17:00 Zutabeak (Trinitarios, Golem eta autobus geltokitik).
17:30 Martxa Nazionala.
19:30 Kontzertuak Zezen Plazan: Alde zaharrean dantzariak, fanfarreak... Peñak zabalik txarangarekin.