D3M-Askatasuna epaiketaren harira Udalak onarturiko mozioa, auzitara

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 30a, 00:00

D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketaren harira, herrian sortu den "Eskubide guztiak proiektu guztientzat" izeneko taldeak joan den apirilaren 24ko osoko ohiko bilkuran aurkeztu zuen mozioa auzitara eraman du Gobernuaren Ordezkaritzak. Auzi errekurtsoa tartekatu baitu. Honen berri eman zuen gobernu taldeak atzo burutu zen maiatzeko osoko ohiko bilkuran, eta auzi honetan Udala ordezkatuko duten abokatu eta prokuradoreak izendatu ziren. Dekretu bidez berretsi behar zen proposamena, lehenbizi gai zerrendan sartzea planteatu zuen gobernu taldeak. Aho batez onartu zen aipatu proposamena. Pauso hau emanda, dekretua bera berrestea jarri zen bozketan. Bilduk eta Aralarrek aldeko bozka eman zuten, Hamaikabatek aldiz aurka. EAJ-PNV eta PSE-EE alderdietako udal ordezkariek ez zeuden osoko bilkuran. 

Epaiketa hasi aurretik, onartua
Bildu eta Aralarren aldeko bozkekin, herrian sortu berri den "Eskubide guztiak proiektu guztientzat" taldeak aurkezturiko mozioa, joan den apirilaren 24an onartu zuen udalbatzak. D3M eta Askatasuna auzietan auziperaturik dauden hamahiru euskal herritarren absoluzioa galdegiten du testuak, baita honakoa ere: "epaiketa hau bertan behera gelditzea eskatzen du, era berean Alderdien Legearen baitan zabalik dauden bestelako sumarioen itxiera eta ilegalizazio politika ororen etetea exijitzen du". 

13 auziperatuetariko bat usurbildarra dugu, Agurtzane Solaberrieta. Apirilaren 24an onarturiko mozioaren bidez, "Udal honek Agurtzane Solaberrietak, bere senide eta lagunak pairatzen dauden egoeraren aurrean gure elkartasuna adierazi nahi du". Epaiketak usurbildarrari suposatuko dizkion gastuen kargu egintekoa zen Udala eta epaiketara, udal ordezkaritza bat bidaltzeko asmoa erakusten zuen, gehiengo osoaren babesa jasoriko testuak. Modu honetan, Udalak ere bat egiten zuen antolatuak zeuden mobilizazioekin eta herritarrei ekimen hauetan parte hartzera deitzen zitzaien. 

Bederatzi puntuko mozioak gaineratzen duenez, "Udal honek Euskal Herriaren etorkizunari begira konponbidearen alde lan egiteko apustua egiten du, gatazka historikoa gaindituko duen konponbide demokratiko eta negoziatuaren bitartez. Bide horretatik, marko demokratiko baten beharra azpimarratzen du udal honek, zeinak gaur aipagai ditugun gertakari hauek gainditzeaz gain, gatazkaren konponbidea eta ondorio guztiena ekarriko duena". 

Mozioaren berri ematekoa zen Udala, "Espainiako Gobernuko delegaritzari, justizi ministroari eta Auzitegi Nazionaleko lehendakariari".