Auzolan Elkartearen bilera, ekainaren 9an

Noaua Aldizkaria 2012ko mai. 31a, 00:00

Auzolan Elkarteak, Moneta Askeari buruzko seminarioa antolatu zuen joan den maiatzaren 18tik 20ra, eta haren jarraipen gisa, bilera berri bat antolatu dute Usurbilen ekainaren 9rako. Goizez, 10:00-13:30 artean Potxoenean burutuko den bilkuran, gai honi buruzko eztabaida bultzatu nahi dute antolatzaileek, berri eman dutenez, aurreko seminarioan "Euskal Herrirako elkartrukerako moneta aske lokalen sarea abiatzea erabaki ostean". Saio haietan Auzolan Elkartekoek aipatu monetaren ezaugarriak definitu zituzten, eta orain, adierazi bezala, gai honi buruzko eztabaida bultzatu nahi dute hilaren 9an. Iragarri dutenez gainera, "moneta askeon sarea martxan jartzear da, esperimentazio fasean dago". Hona hemen, bilkurarako zehaztu eta bertan jorratuko duten gai zerrenda:

1-Moneta Lokal Askea: moneta askearen bidez egingo den elkatrukerako programaren aurkezpena. Monetaren ezaugarrien eta esperimentazio fasearen inguruko eztabaida eta hausnarketa. Sarearen antolakuntza eta lan banaketa. Abuztu edo irailetik aurrera burutuko litzateke garapena.
2-II. Auzolan Topaketak.
3-Osasunaren alorreko "Kataluniar Kooperatiba Integrala".
4-Auzolaneko talde dinamizatzaileari buruzko hausnarketa: bere funtzioa, egoera, partaide berriei gonbita, lanen banaketa...
5-Usurbilgo Udalak aurkezturiko proposamena, geldialdi ekonomiko hipotekiko baten aurrean Erresilientzia kontzeptutik Usurbilen estrategia bat lantzeko. 
6-Usurbilerako elikagaien autohornikuntzarako egitasmoa.