Atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran, 78 milioi euroko inbertsio plana onartu zuen Donostiako Udalak. Horietatik 17,3 miloi euro Eskuzaitzeta eremura bideratu asmo ditu Gipuzkoako hiriburuko erakundeak. Hedabideen arabera, erraustegia, kartzela eta industria gunea aurreikusiak dauden eremua urbanizatzeko. Atzo onarturiko inbertsio plana, Donostiako Udaleko Bilduk eta EAJ-PNV-k legegintzaldi osorako adosturiko akordioaren baitan kokatu behar da.
Hiriburuan datozen lau urteotan burutu asmo diren inbertsioei dagokienean heldu dira aipatu adostasunera. Dirutan, egitasmo desberdinetara 78 milioi euro bideratu nahi dituzte, urte honetan hasi eta 2015 arte. Horietatik, 20 milioi euro 2012ko inbertsioetara, 34,6 milioi euro 2013koetara, 16 milioi euro 2014koetara eta beste 5 milioi 2015ekoetara.
Esku artean duten egitasmoetako bat, hedabideek berri eman dutenez, Zubietako Eskuzaitzeta eremua urbanizatzea da. Guztira, 17,3 miloi inbertitu asmo ditu Donostiako Udalak, Tabakalera, Kursaal edota Loiolara bideratuko dituzte beste hainbat diru partida. Inbertsio guztiok, Donostiako Udalak jasotzea espero dituen diru sarreren azpitik egongo direla aurreikusten dute.
Bi alderdietako ordezkariek malgutasunez jokatu dutela adierazia dute. Donostiako Udaleko alkate Juan Karlos Izagirreren esanetan, akordioak egonkortasuna ekarriko dio hiriburuari. EAJ-PNV-ko ordezkari Eneko Goiak ezinbestekotzat jotzen du akordioa, arduraz eta zuhurtasunez jokatu dutela dio, hiriburuko interesei lehentasuna emanez.