Igande honetan, ekainaren 3an ospatuko da Ikastola Eguna. Goizean hasi eta arratsaldera arte, ikasleen arteko jokoak, Haur Hezkuntzakoen jaialdia edota bazkaria programatu da. Aurretik ordea, asteburuan zehar beste zenbait hitzordu ere deitu dituzte.
Horien artean, gaurko arratsalde pasa antolatu dute Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteko kideek. Lehenbizi, Txan magoaren saioaz gozatu ahal izango dute gaztetxo eta helduek. Ondoren, txokolate goxoa dastatu ahal izango dute eta arratsaldea borobiltzeko, azken asteotan buruturiko tailerrean eginiko buruhandiekin desfilea iragarri da, Kaxkoan barrena.
Merkatu Txikia
Haur Eskolako gurasoek bestalde, Merkatu Txikia antolatu dute bihar goizeko 10:00etatik aurrera. Haur Eskola bertako psikomotrizitate gelan burutuko den ekimenaren bidez, trukea eta berrerabilera sustatu nahi dute. "Etxean erabiltzen ez ditugun gure txikien gauzak (arropak, jostailuak, puerikulturako tresnak, aulkitxoak e.a.) ekarri eta behar dituenari eman eta zerbait behar baldin badugu, hartzea", berri eman dute antolatzaileek ohar bidez. Bertaratzeko gonbita luzatzen diete haur txikiak dituzten gurasoei.
Hona hemen egitarau osoa:
Maiatzak 28-ekainak 1
Buruhandi tailerreko artelanen erakusketa Sutegin.
Ekainak 1, ostirala
16:30 Txan magoa frontoian.
18:00 Txokolatada.
19:00 Buruhandi desfilea, trikitilariekin.
Ekainak 2, larunbata
10:00 Merkatu Txikia Haur Eskolako psikomotrizitate gelan.
Ekainak 3, igandea
9:00-11:30 LH eta DBH ikasleekin jolasak ikastolako patioan.
10:00-13:30 Teknologia eta eskulanen erakusketa ikastolan.
12:00 HH Jaialdia Kiroldegian.
14:30 Bazkaria frontoian eta bazkal ondorengo animazioa.