Sexu heziketari loturiko tailer eta saio desberdinak antolatu ditu Usurbilgo Udalak, gaur estreinatu dugun hilabete honetarako. Hasteko, sexu heziketa tailerrean parte hartzeko aukera izango dute DBH3ko gazteek. Ekainaren 8an izango da, ostiralez, 15:15-17:15 artean Potxoenea kultur etxean. Sexu Aholkularitza Guneak eta Gaztelekuak loturiko hitzordurako, partaide bakoitzak euro bat ordaindu beharko du.
Bestalde, ekainaren 13an, 19an eta 20an haur sexualitatea tailerra antolatu du Udalak. 7-12 urte arteko haurren guraso, arduradun eta hezitzaileentzat. Tailerrean parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik eman behar dute izena, Parekidetasun Sailera, 943 377 110 telefono zenbakira deituta, edo parekidetasuna@usurbil.net helbidera email bat bidalita. Sexu Aholkularitza Guneko arduradun Elena Jimenezek zuzenduko du tailerra. Saioak eguerdietan izango dira, 14:30-16:30 artean. Antolakuntzak ohartarazi duenez, 0-3 urte arteko haurrak tailerrera eraman daitezke. 3 urtetik aurrerako haurrentzat haurtzaindegi zerbitzua egongo da Potxoenea bertan.
Azkenik, adinekoei zuzenduta, bideoforum saio bana antolatu du Udalak, Santuenea Kultur Elkartean ekainaren 11n 16:30etan eta hilaren 20an 17:30etan Aginagan. Bi hitzorduotan ere dinamizatzaile lanak Jimenezek egingo ditu. “Antonia” izeneko filma eskainiko da eta ekitaldiotan, tertuliarako tartea ere hartuko da.