Herritarren laguntzarekin haize errota koloretsu bat irudikatuko duen mosaiko erraldoia eraiki asmo du Gipuzkoa Zero Zabor bilguneak, ekainaren 17an Donostiako Saguesen. Haize errota koloretsua irudikatzeko ordea, herritarrek koloretazko kartulinak eskuratu beharko dituzte. Usurbil Zero Zabor taldekoek datozen bi igande eguerdiotako 12:00etatik aurrera, hilaren 3an eta 10ean, Dema Plazan jarriko dituzte salgai, haize errotekin batera. Kartulinekin entsegu saio bana egingo da gainera, hilaren 3an eta 10ean, 13:00etatik aurrera.
Iaz Zubietan grabatu zen flash mob ekimenaren antzera, jaia eta aldarrikapena uztartu dituzte antolatzaileek ekainaren 17ko hitzorduan. Goizeko 10:00etan hasiko da girotze lana, bertsolari edota musikariekin. Saguesen bertan izango dira baita, Pirritx, Porrotx eta Marimotots ere. Eta eguneko hitzordu nagusia, hau da, haize errota koloretsu eta erraldoia eraikitzeko unea, eguerdiko 12:30etarako iragarri dute.
Antolatzaileek parte hartzera deitzen dituzte herritarrak.