San Juanetako oilasko biltzaileen bazkarirako txartelak, egunotan salgai

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 4a, 00:00

Kalezarko San Juan jaien baitan ospatuko den oilasko biltzaileen bazkarirako txartelak aldez aurretik erosi beharko dira. Egunotan hain zuzen, ekainaren 5, 6 eta 7an, 19:00-19:30 artean Peña Pagola elkartean. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, norberak etxetik eraman beharko du bazkaritarako behar duen plater, sardexka, labana eta gainerako tresneria. Otordua, hilaren 16an, larunbatarekin ospatuko da Kalezarren.

San Juan jaiak berriz, bezperan hilaren 15ean hasiko dira. Aurtengoan bi astebururen bueltan ospatuko dira auzoko festak; hilaren 15etik 17ra, eta ekainaren 22tik 24ra. Lehen asteburuan Haurren eta Oilasko Biltzaileen Egunen txanda izango da. Bigarren asteburuan, larunbat eta igandez egokitu baitira aurten, San Juan bezpera eta San Juan Egunak. Sei egunon bueltan, hainbat musika talde, dantza emanaldi, jokoak, kontzertuak... denetariko hitzorduak tartekatuko dira Jai Batzordeak prestaturiko egitarauan.