"Errausketari ateak ixten" dokumentala, ostiralean Sutegin

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 4a, 00:00

Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren gaia pil-pilean eta hilabete erabakigarrian sartu berri den honetan, "Errausketari ateak ixten" dokumentalaren proiekzioa programatu dute ITAYA Gazte Asanbladak eta Usurbil Zero Zabor bilguneak, ostiral honetarako, ekainaren 8rako, 18:30etatik aurrera Sutegiko auditorioan. Antolatzaileek aurreartu dutenez, "Dokumentalean zaborraren problematika bere osotasunean azaleratzen saiatu gara: garai bateko zaborraren kudeaketa, Europan dauden eredu desberdinak, Europar Batzordeak hiri hondakinak tratatzeko ezarria duen hierarkia, balorizazio energetikoa, errauskailuak beharko lukeen zabortegia, errauskailuak osasunari eta ingurumenari dakarzkion kalteak, errauskailuaren atzean dauden interesak, zementuaren sektorearen indarra, atez ateko bilketaren ezaugarriak, bosgarren edukiontziaren desabantailak... Hori da gutxi gorabehera lan honetan aurkituko duzuen menua. On egin diezazuela. Eta sobrak ondo sailkatu bakoitza dagokion lekuan...".