Gipuzkoako Foru Aldundiak jada prest duen hondakinen plangintza berria, bihar ezagutuko dugu. Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Gipuzkoako Hondakinen Konsorzioan aurkeztuko dituzte aipatu egitasmoaren nondik norako guztiak. Baina hurrengo egunetan, herritarrei zuzenduriko aurkezpen saio gehiago ere burutuko dira Donostiako San Telmon (ekainak 6), Zarauzko Antonianoetan eta Trintxerpen (ekainak 7), Arrasateko Kulturarten eta Tolosako Kultur Etxean (ekainak 8), Gipuzkoa Zero Zabor bilguneak web orri bidez iragarri duenez.
Hondakinak erraustea alboratu, aurrekoarekin alderatuta kostuak erdira murriztu eta zero zabor norabidean aurrerapausoak eman asmo ditu Aldundiak, hondakinen plangintza berri honen bidez.