Ingurumenaren Nazioarteko Egun honetan aurkeztu du Foru Aldundiak, herrialdeko hondakinak kudeatzeko plan berria. Hondakin zati guztien gaikako bilketa, tratamendua eta prebentzioa bultzatu nahi ditu datozen urteoi begira. Hasteko, iragarri moduan, hondakinak erraustea baztertu du Bildu gobernu taldean duen herrialde mailako erakundeak. Zubietarako aurreikusia zegoen errauste plantaren ordez, erreusa tratatzeko biometanizazio planta eraikitzea proposatu du ingurumen diputatu Juan Karlos Alduntzinek, Batzar Nagusietan burutu den ekitaldian. Prentsa ohar bidez jakitera eman dutenez, "planta horrek energia berriztagarria sortuko du". Zubietakoa izango da handiena, halako beste bi planta eraiki asmo baitu Aldundiak. Horrez gain, organikoa tratatu eta birziklatzeko sei konpostatze planta ere irekitzea proposatu dute goizean, eta 2014. urtea amaitu baino lehen, egun dauden Lapatx, Urteta eta Sasietako zabortegiak ixtea.
Iragarri moduan, aurreko planarekin alderatuta, oraingo honekin "azpiegitura sare osoa egiteko orain arte aurreikusitako diruaren erdia erabili beharko da", Aldunditik berri eman dutenez. Hedabideen arabera, inbertsioa 182,6 miloi eurokoa izango da. Aurreko planak 380 milioi euroko aurrekontua zuen. Eta aldaketa, aurrerantz jotzeko baliagarria izango dela gaineratzen dute. "Estrategiak aurrerapauso handia emango du gaur egungo egoerarekin alderatuta, sortutako hondakin guztiak tratatzea ahalbidetuko du eta. Era horretan, Gipuzkoak Europako araudia beteko du", adierazi dute Aldunditik. Ez hori bakarrik, Aldundiak 120 lanpostu sortuko direla ere aurreikusten du.
2016rako erronka: gaikako bilketa %60koa izatea
Hondakinen tratamenduari dagokionean bakarrik ez, prebentzio arloa ere landu asmo du Aldundiak gaur aurkeztu duen plagintza berriarekin. Erronkak betetzeko data ere bat jarri dute; 2016. urtea. Lau urte barrurako, batetik, hondakinen sorrera %4an murriztea lortu nahi du Aldundiak, eta baita bestalde ere, Gipuzkoa osoko hondakin guztien %60a gaika biltzea. %75a 2020rako. "Autokonpostajea eta konpostaje komunitarioa sustatzeaz gain, elikagaien xahuketa eragoztea ere aurreikusi du", gaineratu dute Aldunditik.
Plan honen inguruan argitu dutenez, "Estrategia honek Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren 2008-2016 eguneratu eta gaur egungo errealitatera egokitu du. Izan ere, aurreikusitako hondakin sorrera % 12 murriztu da gaur egun, eta horrek, hondakinen tratamenduari eman beharreko neurriak berriro planteatu beharra dakar berarekin".
Goizean Batzar Nagusietako aurkezturiko egitasmoa, arratsaldean Hondakinen Konsorzioan aurkeztuko dute. Plan berri honetan nazioarteko hainbat adituk parte hartu dute; besteak beste, Martin Steiner Berlingo Unibertsitate teknikoko Ingurumen Ingeniaritzako amaitu zituen lehen austriarrak. Hondakinen kudeaketan eta uraren babesean espezializatua dago bera; Joan Marc Simón Llumàk (Zero Waste Europe mugimenduko zuzendaria), Laia Valenzuelak (Kataluniako FORMeko lehen esperientzia deszentralizatuaren arduraduna) eta Frederic Puig Magrinyàk (Kataluniako FORMeko lehen esperientzia deszentralizatuko parte hartzailea).
Aurkezpen saioak herritarrentzat
Aldundiaren plan berri honen inguruko informazioa herritarrek zuzenean jasotzeko aukera izango dute datozen egunotan: Donostiako San Telmon (ekainak 6, 19:00), Zarauzko Antonianoetan eta Trintxerpeko Alkaterordetzan (ekainak 7, 19:00), Arrasateko Kulturarten edota Tolosako Kultur Etxean (ekainak 8, 19:00).
Kostuak erdira murrizteko asmoa
Duela bi aste Pasaian eginiko ekitaldi ireki batean, legegintzaldi honetarako egitasmoen berri eman zuen Aldundiko gobernu taldeak. Zehaztasun askoren berririk eman ez zuten arren, hondakinak erraustearen aurka agertu ziren. Aldiz, zero zabor norabidean pausoak emateko asmoa erakutsi zuten. Hain zuzen, gipuzkoaberri.net web orrialdean zintzilikatu dute gobernu taldearen datozen urteotarako egitasmoen plana eta bertan jasotzen denez, ingurumen alorreko helburu nagusietako bat, "hondakinen gestioa Europako zuzentarauen arabera" moldatzea da, "Europa mailako erreferente izatea lortu eta Gipuzkoa Zero Zabor lurraldea bihurtzeko urratsak" ematea. Plangintza berri honekin, aurrekoarekin alderatuta, Aldundiak kostuak erdiraino murriztu asmo ditu.
Aipatu planak, Aldundiak jarraitu asmo duen estrategia zein den argi dio: "Hondakinen kudeaketan eredu alternatibo bat ezartzea: Gipuzkoa Zero Zabor Lurraldea bihurtzea". Horretarako, ekintza desberdinak planteatzen ditu Aldundiak:
-Indarrean dagoen eredua aldatzeko urratsak ematea.
-Prebentzioa kontzientziaziotik haratago, praktika sustatzea.
-Hausnarketa eta adostasun gunea sortzea eta indartzea: Aholku Batzordea martxan jartzea.
-Aldundia, mankomunitate eta udalen laguntzailea bihurtzea.