Hilero hitzaldi bat antolatzeko hartu duten ohiturari jarraituz, Jon Maia gonbidatu du Bota Punttubak gaur, Artzabalera. Maialen Lujanbio eta Unai Elizasuren saioen ostean,“Doinua eta Kantaera” izeneko hitzaldia eskainiko du arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Antolatzaileek aurreratu dutenez, “Jon Maiak gidatutako ikastaroa da hau, eta bertan zenbait doinu eta kantaera entzun eta komentatuko dira. Doinuaren funtzio komunikatiboa eta ez komunikatiboaren azterketa eta kantaeraren interpretazioa landuko dira. Horrez gain, ahots propioaren bila dabilen bertsolari pinguinoaren teoria ere azalduko da”. Ekitaldirako sarrera doakoa izango da.
Bertsopaper Lehiaketa martxan
Abian da bestalde, XXXVI. Bertsopaper Lehiaketan parte hartzeko epea. Bota Punttubatik berri eman dutenez, lehiaketako lanak ekainaren 25era arte aurkez litezke udaletxean. Gutunazal batean goitizenarekin. Barruan beste gutunazal batean egilearen datuak adierazi beharko dira. 6-10 bertso idaztea eskatzen dute oraingoan. Usurbildarrei eta baita Bota Punttubako kideei ere zuzendua dagoen txapelketa dela gogorarazten dute Bota Punttubatik.
Gainerakoan, txapelketan parte hartzeko aurreko edizioetako baldintzak bete beharko dira:
-Usurbildarra izatea.
-Gai librean idaztea.
-Lanak, ekainaren 25a baino lehen Udaletxera eraman edo postaz bidali:
XXXVI. Bertsopaper Lehiaketa
Joxe Martin Sagardia Enparantza
20170 Usurbil
-Lanek inoiz argitaratu gabeak izan beharko dute.
-Gutxienez 6 bertso; gehienez 10.
-Saria: lehenak, 200 euro eta txapela. Bigarrenak, 150 euro. Hirugarrenak, 100 euro.
-Lanak egilea nor den adieraz dezakeen daturik gabe aurkeztuko dira, izengoitiz.
-Lanarekin batera gutun itxi batean partehartzailearen datu pertsonalak ipini.
-Erabakia jaietako bertso saioan emango da aditzera: ekainaren 30ean.