Errausketaren aurka eta etorkizun hobeago baten aldeko goiz osoko aldarrikapen festa antolatu du Gipuzkoa Zero Zabor bilguneak, ekainaren 17rako Donostiako Saguesen. Helburua, herritarren laguntzaz haize errota koloretsu bat irudikatuko duen mosaiko erraldoia eraikitzea izango da. Horretarako ordea, herritarrek koloretako kartulinak eskuratu beharko dituzte. Igande honetan, ekainaren 10ean izango dute aukera, Usurbil Zero Zabor taldekoek plazan jarriko duten postura gerturatuta. 13:00etan, herriko eragileen agerraldia iragarri dute.
Iaz Zubietan grabatu zen flash mob ekimenaren antzera, jaia eta aldarrikapena uztartu dituzte antolatzaileek ekainaren 17ko hitzorduan. Goizeko 10:00etan hasiko da girotze lana, bertsolari edota musikariekin. Saguesen bertan izango dira baita, Pirritx, Porrotx eta Marimotots ere. Eta eguneko hitzordu nagusia, hau da, haize errota koloretsu eta erraldoia eraikitzeko unea, eguerdiko 12:30etarako iragarri dute.
Antolatzaileek parte hartzera deitzen dituzte herritarrak.
Usurbilgo Itunak bat egin du ekimenarekin
Usurbilgo Itunak bat egin du Gipuzkoa Zero Zabor bilguneak ekainaren 17rako Donostiako Saguesen antolatu duen, "Aire garbiak bira nazan. Zero errausketa. Mosaiko erraldoia" ekimenarekin. Hala adierazi zuten ituna sinatua duten hainbat eragileetako ordezkariek, joan den astean Donostiako Miramar jauregian egin zuten agerraldian. Honekin batera, beste behin erraustegi egitasmoa bertan behera uztea eskatu zuten, aurrera begira jarri eta honako deialdi hau egitearekin batera: "Etsipenean eta ezkortasunean oinarritutako etorkizun grisa albo batera utzi eta gure esku dagoena egin dezagun gure seme-alaba, iloba eta bilobek merezi duten etorkizun koloretsu eta hobegoa izan dezaten".
Errauste planta eraikitzeak ekarriko lukeen osasun eta ingurumen alorretako kalteez gain, kalte ekonomikoen eragina zenbatekoa izango litzatekeen ere gogorarazten dute. "Ehunka milioi euroko inbertsio ikaragarria", eta hori guztia amortizatzeko "hamarkadak behar dira" gaineratu zuten. Ez hori bakarrik, "finantziazioa bertara eramaten den zaborraren bidez lortzen denez, hondakinen arazoari aurre egiteko GHHKP-PIGRUGak berak aitortzen duen murrizketa eta birziklapenaren lehentasunarekin lehiatzen du zuzenean", adierazi zuten Usurbilgo Ituna sinatu zuten ordezkariek. Euren ustez, "inork nahi ez duena saihestean oinarritu behar dugu konponbidea", hondakinen arazoari loturiko irtenbidea.
Zortzi urte barrurako, errausketa eta zabortegiak alboratzeko eskaera
2020. urterako zabortegi eta erraustegiak desagertzea eskatu eta Europako Parlamentuak onartu duen txostena ere ahotan hartu zuen Usurbilgo Itunak. "Europako Batzordeari 2014 urterako zabortegiak ixten joateko proposamenak aurkez ditzan eskatzen dio", adierazi zuten. Horrekin batera, "2020rako ezarritako birziklatze helburuak berrikusteko eskatu diote exekutiboari, eta gaurtik hasi eta hamarkada bukaera bitartean, birziklagarriak diren materialen errausketa bazter dezala".
Europako Parlamentuak onarturiko txostena egin duen pertsonateko baten, Gerben-Jan Gerbrandyren hitzak ere gogora ekarri nahi izan zituen Usurbilgo Itunak. Bere esanetan, "Europako parlamentuak eta batzordeak baliabideen erabilpena hobetzeko anbizio handiko plangintza ezarri dute. Estatuek lekukoa hartzeko garaia da. Txosten honetan esaten dena gauzatzeak, hazkunde ekonomikoa, enplegu sorrera eta ingurumen babesa ekarriko luke".
Hauxe da momentuz, ekainaren 17ko ekimenarekiko atxikimendua adierazi duten Usurbilgo Itunkideen zerrenda:
-Alternatiba (Xabier Soto).
-Aralar (Ainhoa Beola).
-Eguzki (Arantza de Ocio).
-Ekologistak Martxan.
-ELA.
-Errausketaren Aurkako Koordinakundea (Maria Luisa Sanchez).
-ESK (Kepa Olaiz).
-Ezker Abertzalea (Idoia Aiastui).
-Ezker Anitza (Xabier Pombo).
-Ezker Batua (Mitxel Mieves).
-Gipuzkoa Zero Zabor (Ainhoa Arrozpide).
-Greenpeace.
-LAB (Urtzi Oztolozaga).
-Usurbilgo Udala (Mertxe Aizpurua).