Aste honetan zehar larunbatera arte, Zubietako Herri Batzarreko ordezkariak atez ateko bilketaren aldeko sinadurak jasotzen arituko dira. "Herri Batzarraren ordezkariak ibiliko dira etxez etxe, etxebizitza bakoitzetik kide batek Zubietako eta bereziki bere etxeko hondakinak atez ate biltzeko eskatuz orritxo bat sinatu dezan", adierazi zuten Herri Batzarretik NOAUA!-ko ekainaren 1eko astekarian argitaratzeko helarazi zuten testuaren bidez. Euren esanetan, "uste dugu zubietarren laguntza eta babesarekin bakarrik gainditu ditzakegula gaur egun topatu ditugun traba administratibo eta politikoak". Ez hori bakarrik, gaineratzen dutenez, "gaikako bilketa egokia eginda bakarrik egin diezaiokegu aurre birziklagaiak erraustu nahi duen sistemari". Zubietarrei sinadura bilketa honetan parte hartzeko deia luzatzen diete Herri Batzarretik.
Deialdi hau hain zuzen, duela gutxi autokonpostatzea bultzatzeko bertan martxan jarritako ekimenaren ostean dator. Etxeko hondakinen zati organikoa konpostatzen ari diren herritarrei eskerrak helarazi nahi dizkiete Herri Batzarretik, eta gainerakoei "animatu nahi zaituztegu, eta horretarako gure laguntza eskaini. Garaiz zaudete".