1976. urtean sortu zenetik gaurdaino Usurbil FT klubak eman duena erakusketa batean bildu dute futbol bilgunekoek. 36 urte luzeko ibilbidea islatuta geratuko da, datorren astean, ekainaren 14tik 16ra Sutegin bisitatu ahal izango den erakusketan. Material desberdina jarriko dute bertan; argazkiak, kamisetak, artikuluak... Ordutegi honetan egongo da zabalik: hilaren 14ean eta 15ean, 18:00-20:00 artean; eta hilaren 16an, 11:00-13:30 artean. Erakusketako azken egunean hain zuzen, 2011-2012 denboraldia borobiltzeko klubaren eguna ospatuko dute Usurbil FT-koek.
Alebin federatu mailan izen emateko aukera
2012-2013 denboraldiko prestaketa lanak abiatu dituzte jada, Usurbil FT-koek. Besteak beste, udazkenetik aurrera alebin federatu mailako taldea osatu asmo dute. Plaza mugatuak izango dira, gehienez 16 lagunentzako lekua dago. Izen emateko epea bihar, ekainak 7 itxiko dute. Interesdunek futusurbil@yahoo.es helbidera email bat idatzita apunta daitezke, edota bihar arratsaldez, 18:00-20:00 artean Usurbil FT-ko zuzendaritzak Haranen duen egoitzara gerturatuta.