Hondakinak kudeatzeko plana, zer esana ematen ari da

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 6a, 00:00

Zeresana ematen ari da, Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo aurkezturiko hondakinak kudeatzeko datozen urteotarako plana. Goizean Euskadi Irratian Ahaldun Nagusi Martin Garitano elkarrizketatu dute. Bere esanetan, plan honek Gipuzkoa Europa osoan punta-puntan jarriko du. Teknikoki, etorkizunera begira, oso plan ona, aurrerapausoa dela iruditzen zaio. Arduragabekeriatzat jo ditu, Aldundiaren egitasmo honek galera ekonomikoak eragingo dituela diotenen adierazpenak eta gai honetan, alderdi guztien arteko akordio bat erdiestearen alde agertu da. 

Oposizioa aurka
EAJ-PNV, PSE-EE eta PP, Bilduk aurkezturiko hondakinen plangintzaren aurka agertu dira. Denis Itxasok (PSE-EE) iruzur gisa definitu du Aldundiaren egitasmoa. Euren esanetan, egungo Europako araudia ez du betetzen, zabortegi berriak irekitzea aurreikusten baita. Aste honetan, Batzar Nagusietan planaren aurkako mozioa aurkeztuko dutela iragarri du Itxasok.

Zentsura mozioa aurkezteko beharra azpimarratu zuen atzo bestalde, PP alderdiak. Bilduren planteamendua gipuzkoarrei "ilea hartzea" dela deritzo Juan Carlos Cano batzarkideak.

EAJ-PNV-tik, Bilduk aurkezturiko planean ez dago zero zabor politikarik, zabortegi berriak irekitzea aurreikusten baita, Xabier Ezeizabarrena batzarkidearen ustez. Zabortegi batzuk itxi eta berri batzuk ireki asmo dituela gaineratu zuen atzo, ordezkari jeltzaleak.