Foru Aldundiaren Gipuzkoaberri.net helbidean ikusgai duzue, atzo aurkeztu zuten hondakinak kudeatzeko plana. Zehaztasun asko ematen da bertan. Nabarmentzeko datuen artean daude, 2016rako finkatu dituzten helburuak: hondakinen sorrera %4an murriztea, gaikako bilketa %60ra igotzea, hondakin primarioak %100 tratatzea, Gipuzkoako hiru zabortegiak ixtea, autokonpostatze eta konpostatze komunitarioa jartzea 1.000 biztanletik beherako udalerrietan...
Atzo nabarmendu zutenez, hauek dira nagusiki, plana garatzeko Aldundiak gauzatu asmo dituen egitasmoak, azken orduotan hedabideek jaso dituztenak:
-Zubietan biometanizazio planta eraikitzea. Beste bi txikiago, Beasaingo Sasietan eta Urola Erdian.
-Sei konpostatze planta irekitzea, Mankomunitate bakoitzeko bat (Debabarrenan eta Urola Erdian izan ezik, bi mankomunitateok planta bakar bat partekatuko baitute).
-Ontzi arinentzako tratamendu planta eraikitzea Zubietan (hirugarrena Gipuzkoan, Urnietakoa eta Legazpikoaz gain).
-Erreusa ikertu eta aztertzeko gunea eraikitzea Zubietan.
-2014. urtea amaitzerako, Lapatx, Urteta eta Sasietako zabortegiak ixtea.
-Inbertsio guztiaren kostua: aurreko planarekin alderatuta, gastuak erdiraino murriztuko dira.
-Helburua: 2016an gaikako bilketa %60koa izatea, %75ekoa 2020an.