Nabarmentzeko moduko ikusmina eragin zuen atzo, Foru Aldundiak herenegun ezagutzera emandako hondakinen plan eguneratuaren jendaurreko lehen aurkezpenak. Donostiako San Telmo museoan jarria zuten hitzordua eta Aldundiak alor honetan datozen urteoi begira egin asmo duenaren inguruko azalpenak entzuteko herritarrek aretoa bete zuten. Hainbat ordezkari politiko ere bertan ziren; tartean Aldundiko gobernu taldeko kideak zeuden, Ahaldun Nagusi Martin Garitano edota Garbiñe Errekondo usurbildarra besteak beste. Baita Usurbilgo Udaleko alkate ohi Xabier Mikel Errekondo ere.
Eta noski, plan hau ezagutzera eman duen ingurumen diputatu Juan Karlos Alduntzin eta egitasmo hauen diseinu lanean parte hartu duten bost adituetako bi ere bertan ziren; Laia Valenzuela eta Joan Marc Simon. Bi adituok eta Alduntzinek berak, Aldundiaren plan eguneratu honen nondik norakoak aurkeztu zituzten, azalpenak adi-adi entzuten aritu ziren herritarren aurrean.
Lehenik eta behin, argitu nahi izan zutenez, Aldundiak asteartean Batzar Nagusietan eta Konsorzioan aurkezturiko plana ez da berria, lehen zegoena eguneratu eta garatu dutela ohartarazi nahi izan zuten. Lau arrazoik bultzatuta prestatu hurrengo urteotan aplikatu eta San Telmon ezagutzera eman zuten plana: hondakinen sorrera aurreikuspenetan egon den aldaketagatik batetik, hondakin kopuruak gorantz egitea aurreikusten baitzen baina urteotann %12 egin du beherantz. Bestalde, gaikako bilketarekin urrats eraginkorrak eman direla gogorarazten dute. Hor dago baita, Europako zuzentaraua, 2020rako zabortegiak itxi eta birziklagarriak diren hondakin zatiak erraustea debekatzen duen legedia. Eta laugarren arrazoi gisa, egun bizi dugun krisialdi ekonomikoa aipatzen zuten, Juan Karlos Alduntzinek adierazi zuenez, "oso ondo aztertu behar dira, egin beharreko inbertsioak".
Zabortegirik eta erraustegirik ez
Jakina den moduan, hondakinak erraustea baztertzen du Aldundiak landu eta egunotan jendaurrean aurkezten ari den planak. Errausketa baztertuta, egun ezagutzen ditugun zabortegiak ere 2014 agurtzerako ixteko asmoa berretsi zuten atzo San Telmon eskaini zuten hitzaldian. Bide batez, gezurtatu nahi izan zuten aurreikusi dituzten plantek egun ezagutzen ditugun zabortegi berriak irekitzea ekarriko dutenik. Joan Marc Simonek eman zituen gai honen inguruko azalpenak. "Legalki eta praktikoki" zioenez, plan honen bidez beharko diren guneak ezin dira zabortegitzat jo. Hondakinak tratatzeko Gipuzkorako aurreikusi diren plantatik, tratatu gabe gelditzen den erreusak, errausketarekin gertatu ez bezala, apenas eragingo duen emisio toxikorik eta gaineratu zuenez, "beharrezko prebentzio neurriak hartuko dira". Ez hori bakarrik, proposatzen dituzten instalakuntzetan malgutasuna bultzatu nahi dute.
Bost edukiontzien sistemaren eraginkortasun falta
Hondakinen bilketa sistema ere ahotan hartu zuten hizlariek. Laia Valenzuelak bost edukiontzien sistemaren eraginkortasun falta agerian utzi zuen. Batetik, boluntarioak diren esperientzietan herritarren parte hartzea oso mugatua dela adierazi zuen. Aldiz, bosgarren edukiontzi irekien kasuan, bilketa maila handitzen dela baina inpropioen kopurua ere oso altua dela ohartarazi zuen.
Inbertsioen sakabanatzea
Foru Aldundiak aurkeztu duen planak, aurretik zegoenarekin alderatuta, bada desberdintasunik. Oraingo dokumentuak jasotzen dituen inbertsio gune nagusia ez da Zubieta izango. Simonek zehazten zuenez, aurreko planteamenduekin inbertsioen %80 errauste planta kokatzekoa zen eremuan kontzentratzen zen. Orain ordea, "inbertsioa Gipuzkoan zehar sakabanatuko da". Inbertsioen %40 soilik bideratuko da Zubietara.
Atzo aurkezturiko planak eraikitzea aurreikusten duen plantekin, gutxienez 120 lanpostu berri sortuko direla ere iragarri zuten. Hau guztia, ekonomia sostengarri baten alde egin nahi duten apustuaren baitan kokatzen dute.
Ziklo baten amaiera
Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko Aldundiak atzo aurkezturiko planaren ildotik, zenbait balorazio edo iritzi entzuteko aukera ere egon zen, hizlarien aldetik. Adituetako batek, Joan Marc Simonek argi zioen: "hondakinen kudeaketako etapa bat ixten da, orain zero zabor bidean aurrera egitea posible da. Gaikako bilketa %90era edo gehiagora igotzea posible da". Gai honen inguruko erabakiak hartzea ordea, eragile sozial eta politikoen esku zegoela gogorarazi zuen.
Ingurumen diputatu Juan Karlos Alduntzinen partetik, hondakinen arazoaren irtenbidearen zati denok izan behar dugula adierazi zuen. Eta gaineratu zuenez, "kudeaketa zenbat eta gehiago gerturatu, lehenago ailegatuko gara irtenbidera". Alde horretatik, herrialdeko 50 udalerriek gaikako bilketaren alde eginiko apustua nabarmendu nahi izan zuen. Gaineratuz, bilketa emaitzetan udal guztiek eman beharko dituztela aurrerapausoak. Aurrera begira ere jarri zen. "Bidea luzea da, baina emankorra. Lortuko dugu, ziur", baikor agertu zen. Ekitaldia bertaratutakoen txalo artean amaitu zen.
Hondakinak kudeatzeko Aldundiak diseinaturiko planaren eduki osoa, gipuzkoaberri.net helbidean jaso daiteke.
PLANAK AURREIKUSITAKO EGITASMOAK
-Zubietan biometanizazio planta eraikitzea. Beste bi txikiago, Beasaingo Sasietan eta Urola Erdian.
-Sei konpostatze planta irekitzea, Mankomunitate bakoitzeko bat (Debabarrenan eta Urola Erdian izan ezik, bi mankomunitateok planta bakar bat partekatuko baitute).
-Ontzi arinentzako tratamendu planta eraikitzea Zubietan (hirugarrena Gipuzkoan, Urnietakoa eta Legazpikoaz gain).
-Erreusa ikertu eta aztertzeko gunea eraikitzea Zubietan.
-2014. urtea amaitzerako, Lapatx, Urteta eta Sasietako zabortegiak ixtea.
-Inbertsio guztiaren kostua: aurreko planarekin alderatuta, gastuak erdiraino murriztuko dira.
-Helburua: 2016an gaikako bilketa %60koa izatea, %75ekoa 2020an.
AURKEZPEN SAIOAK
Ekainak 7, osteguna
19:00 Zarauzko Antoniano Ikastetxean. Hizlariak: Ainhoa Iraola Ingurumeneko foru diputatua eta Joan Marc Simon estrategia landu duen kideetako bat.
19:00 Trintxerpeko Alkateordetzan. Hizlariak: Juan Carlos Alduntzin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatua eta Laia Valenzuela estrategia landu duen kidea.
Ekainak 8, ostirala
19:00 Arrasateko Kulturaten. Hizlariak: Juan Carlos Alduntzin eta Laia Valenzuela.
19:00 Tolosako Kultur Etxean. Hizlariak: Ainhoa Iraola eta Joan Marc Simon.