Astebete barru San Juan jaietan murgilduko da Kalezar. Aurtengoan, Jai Batzordeak bi astebururen bueltan bildu ditu ospatzekoak dituzten ekitaldiak; ekainaren 15etik 17ra eta hilaren 22tik 24ra. Haurren Eguna, oilasko biltzaileenarekin batera lehen asteburuan, San Juan bezpera eta eguna bigarrenean.
Auzotarren arteko jokoekin murgilduko da jaietan Kalezar, datorren ostiralean, ekainaren 15ean. Hortik aurrera, bi asteburutan banatutako sei eguneko San Juan jaiak ospatuko dituzte auzokideek eta bertara gerturatzen diren gainerakoek. Oilasko Biltzaileen Eguna ospatuko dute hilaren 16an. Heldu eta nagusiak kalejiran ibili eta gero bazkaritarako bilduko dira. Otordurako txartelak erosteko azken eguna, ostegun hau izango da, 19:00-19:30 artean Peña Pagola Elkartean. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, norberak etxetik eraman beharko du bazkaritarako behar duen plater, sardexka, labana eta gainerako tresneria. Haurren Eguneko ekitaldiak antolatu dituzte Jai Batzordekoek ekainaren 17rako. Jolasak, tailerrak, txokolatada, buruhandiak… Etxeko txikienek primerako egun pasa egin ahal izango dute Kalezarren.
Bigarren asteburuan ospatuko dira bestalde, San Juan bezpera eta San Juan Egunak. Hilaren 23an bazkalostean abiatuko da eskea, gauean San Juan sua eta biharamunean, jaiak agurtzeko soka dantza, Gorritiren showa, edota sardina eta sagardo dastatzea. Gau txorientzat, hainbat musika talderen emanaldiak programatu dituzte aurtengo jaietarako; Besteik Pe, Joxpa, Dj Van, herriko musika taldeak… Kalezarko San Juanen egitaraua web orrialde honetan kontsulta daiteke jada.