Udal diru-laguntza deialdirako eskaera kopuruak, gorantz egin du aurten

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 7a, 00:00

Herrian antolatzen diren hainbat ekimen babesteko Usurbilgo Udalak aurten martxan jarritako diru-laguntza deialdi desberdinak banatzeko prozesua aurrerabidean da. Kultur, ongizate eta kirol arloetakoak behin behingoz onartu dira eta egunotan alegazioak aurkezteko epea zabalik geratuko da. Ingurumen alorrekoak laster onartzekoak dira diru-laguntza batzordean. Azkenik, euskara eta aisialdi alorretakoak eskatzeko epea hamar egun barru zabalduko da.

Kultur arloko udal departamendutik berri eman dutenez, iaztik hona gorantz egin du diru-laguntzak jasotzeko herriko talde edo elkarteek eginiko eskaera kopuruak. Iaz 24 taldeek 100 ekintzetarako udal finantziazioa eskatu zuten, aurten 17 ekintza gehiagotarako. Beste datu bat; iaz 30 ekintzetan parte hartzeko sarrera bat ordaindu behar zen, aurten 60 ekimenetarako. Urtebeteren tartean, herrian antolatu diren sarreradun ekintzen ehunekoa bikoiztu da; %26,5etik %60ra igo da.

Kultura Aholku Batzordean eginiko lanketa legoke, honen guztiaren atzean. Deialdi honetan hain zuzen, zorroztasun handiagoz jardun du Usurbilgo Udalak. Aurkeztu diren eskaeren baitan, “zer kontzeptu onartu edo ez” erabaki dute diru-laguntza deialdiko batzordean. Kontzeptu batzuk onartu eta besteak baztertu ostean, 105.917 euroko laguntza eskaera zuen Udalak, kultur arloko departamendutik berri eman dutenez. Aldiz, 90.000 euroko partida aurreikusia zuen Udalak diru laguntzetarako. Udalak ikastaroak %60an, irteerak %10ean, kanpamendu eta udako txokoak %60an, eta gainerako ekimenak %95ean diruz lagundu asmo dituela kontuan izanik, kultur departamendutik baieztatu dutenez, oro har “ekintza guztiak gehieneko ehuneko horietan ordaindu dira”. Guztira honenbestez, 85.688 euroko laguntza ematea onartu du Udalak. Hori bai, behin behingoz. Oraindik, alegazio epea pasa eta behin betikoz onartzea falta da eta.

Ingurumenekoak aparte
Kopuru horretatik bereizi beharra dago gainera, aurtengoan, deialdi berri moduan sortu diren Ingurumen eta Nekazaritza alorreko diru-laguntzak. Orain arte kultur arlotik bideratzen ziren zenbait laguntza, aurtengoan beste deialdi berri honetatik jasoko dituzte zenbait eskatzaileek.