Irekitzear da, UEU-ko ikastaroren bat egin edo euskara ikasten aritu direnentzako diru-laguntzak eskatzeko epea. Ekainaren 18tik 29rako tartea izango da. Aurtengoan, epealdi berean, aisialdiko begirale edo zuzendari titulua ateratzeko ikastaroren bat egin dutenek ere diru-laguntza eskatu ahal izango dute.
Euskara ikasten aritu direnek edota UEUko ikasleek diru-laguntzak eska ditzakete. Bi baldintza nagusi bete beharko dira ordea; batetik, Usurbilen erroldatua egotea eta gutxienez, jasotako klaseen %80an parte hartu izana. Deialdi honetan parte har dezakete:
-Euskara ikasleak: matrikula kostuaren %80 itzuliko zaie.
-12 urtetik beherako seme-alabak dituzten gurasoak: matrikulazio kostuaren %100 itzuliko zaie. Familia-liburuaren fotokopia aurkeztu behar da.
-Langabetuak: matrikulazio kostuaren %100 itzuliko zaie, ikastaroak irauten duen denboraren erdia gutxienez langabezian egon direnei. Langabezia egoera Gizarte Segurantzako “Lan historiala” deritzan ziurtagirien bidez egiaztatuko da. Ziurtagiri honek diru-laguntza eskatu den ikastaroaren epeali guztia hartu behar du bere baitan.
-UEUko ikasleak: matrikulazio kostuaren %60a jasoko dute. Egoitza gastuetarako ez da diru-laguntzarik emango.
Ikastaroen ordez, laguntza
Diru-laguntza deialdi berria dute bestalde, aurtengoan; aisialdirako begirale edo zuzendari titulua lortzeko joan den udazkenetik hona ikastaroa burutu dutenentzat hain zuzen. Usurbilen erroldatuak daudenei, matrikularen erdia itzuliko zaie. Begirale titulua atera dutenei gehienez jota 250 euroko laguntza emango zaie, 150 eurokoa zuzendari titulua eskuratu dutenei. Laguntza hauek, orain arte Buruntzaldeko udalek alor honetan antolatzen zituzten ikastaroak ordezkatuko dituzte.
Laguntza hauetarako eskaerak ekainaren 18tik 29ra aurkeztu ahal izango dira udal erregistroan. Oinarriei buruzko informazioa edo argibide gehiago jaso nahi dituenak aldiz, Potxoenean kokatzen den Euskara Zerbitzura jo beharko du edo bertara deitu; 943 371 999.