Gipuzkoa Zero Zabor taldekoek herritarrei ekainaren 17an Donostiako Saguesera gerturatzeko gonbita luzatua die. Bertan, goiz osoko aldarrikapen festa antolatu dute. Eta erronka berri bat bete nahi dute; haize errota koloretsu bat irudikatuko duen mosaiko erraldoia eraiki nahi dute. Iaz Zubietan grabatu zen flash mob ekimenean bezala, herritarren laguntzaz. Sagueseko hitzorduan parte hartu nahi duen orok, igande honetan, Usurbil Zero Zabor bilguneak plazan jarriko duen mahaira gerturatu beharko du. Bertan, 12:00etatik aurrera, koloretazko kartulinak banatu eta haize errotak salduko dituzte UZZ-ko kideek. Ordubete beranduago bestalde, 13:00etan herriko eragileen agerraldia iragarri dute plazan bertan.
Haur eta helduentzat aldarrikapen festa
Iaz Zubietan grabatu zen flash mob ekimenaren antzera, jaia eta aldarrikapena uztartu dituzte antolatzaileek ekainaren 17ko hitzorduan. Goizeko 10:00etan hasiko da girotze lana Donostiako Saguesen, bertsolari edota musikariekin. Saguesen bertan izango dira baita, Pirritx, Porrotx eta Marimotots ere. Eta eguneko hitzordu nagusia, hau da, haize errota koloretsu eta erraldoia eraikitzeko unea, eguerdiko 12:30etarako iragarri dute. Antolatzaileek parte hartzera deitzen dituzte herritarrak.