Afrikarako arropa eta oinetakoak bilduko ditu Udarregi Ikastolak

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 8a, 00:00

Iaz bezala, aurten ere Afrikarako materiala bilduko du Udarregi Ikastolak. Gobernuz Kanpoko Erakundea den S.O.S. Afrikaren eskutik arropa eta oinetakoak biltzeko kanpaina martxan da. Elkartasuna eta justizia bultzatzen duen taldearen ekimenean parte hartzera deitzen dute Udarregitik, web orri bidez berri eman dutenez. "Zuek ere kanpaina horretan parte har dezazuen eskatzen dizue", ohartarazi dute. Oinetako eta arropa bilketa, ikastolako erdiko aretoan burutuko da, ekaineko lehen hamabostaldi honetan.

Goizeko zaintzan, izen ematea irekita
Datorren 2012-2013 ikasturtean ere Udarregi Ikastolako "Goizeko Zaintza" izeneko zerbitzua eskaini asmo du Agerialden. Goizero, 8:00etatik 9:00etara. Zerbitzu hau baliatzeko asmoa dutenek, orain dute bertan izen emateko aukera. Ekainaren 22a baino lehen apuntatu beharko dira ikastolako idazkaritzan. Udarregi.com web orri bidez ohartarazi dutenez, "epea amaitu ondoren taldea osaturik badago, ez da ikasle gehiago onartuko. Zerbitzuaren kostuari dagokionez, erabiltzaile kopuruaren arabera zehaztuko da".