Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) urteroko festa eta aldarrikapen eguna ospatuko du, oraingoan bihar Goizuetan. Antolakuntzatik berri eman dutenez, "aurten, Nafarroako udalerriei dagokie egun hau antolatzea. Hori horrela, Goizuetako Udalak bere gain hartu du lan eta jai egun hau antolatzeko ardura".
Goizeko 10:00etan hasi eta gauera arte, UEMAko udal ordezkarien batzarra iragarri da bertan, baita ekitaldi nagusia, haur jokoak, kontzertu eta dantzaldia ere. Eguerdi parterako, herri bazkaria antolatu dute.
Hizkuntza politika aurrerakoietan, aitzindari
"Euskaraz bizi eta ari, herri euskaldunak aitzindari" leloa aukeratu dute, aurtengo UEMA Egunerako, antolatzaileen esanetan, "konturatu behar dugulako euskararen normalizazioan behar beharrezkoak garela herri euskaldunok eta herri euskaldunok garela hizkuntza politika aurrerakoietan aitzindari. Etorkizuneko Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean aitzindaritzatik izan bada, UEMAko udalei esker izan da. Hori da, hain zuzen, aurtengo leloarekin adierazi nahi duguna".
Udalerri gehiago, UEMAra
Bihar gainera, beste sei udalerrik bat egin dute UEMArekin: Ezkio-Itsasok, Igantzik, Getariak, Mañariak, Oñatik eta Ondarruk.
Hona hemen, UEMA Egunerako prestatu duten egitarau osoa:
10:00 UEMAko udaletako ordezkarien Batzar Nagusia udaletxean.
11:00-14:00: haurrentzako puzgarriak, jokoak eta tailerrak.
11:30 Herriko etxeak ezagutzeko bisita gidatua.
13:30 UEMA eguneko ekitaldi nagusia.
Goizean artisauak, dantzariak eta musikariak herrian zehar.
14:30 Herri bazkaria.
16:00-18:00 haurrentzako puzgarriak.
19:00 Dantzaldia: Gabezin.
Gauean kontzertua Gaztetxean.