Gaurtik aurrera abian, Udalak antolaturiko sexu heziketa tailerrak

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 8a, 00:00

Sexu heziketari loturiko tailer eta saio desberdinak antolatu ditu Usurbilgo Udalak. Lehenengo tailerra, gaur bertan abiatuko da. Sexu Aholkularitza Guneak eta Gaztelekuak lotu duten hitzordua, DBH 3.mailako gazteei zuzendua egongo da. 15:15-17:15 artean burutuko da Potxoenea kultur etxean. 

Bestalde, ekainaren 13an, 19an eta 20an haur sexualitatea tailerra antolatu du Udalak. 7-12 urte arteko haurren guraso, arduradun eta hezitzaileentzat. Tailerrean parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik eman behar dute izena, Parekidetasun Sailera, 943 377 110 telefono zenbakira deituta, edo parekidetasuna@usurbil.net helbidera email bat bidalita. Sexu Aholkularitza Guneko arduradun Elena Jimenezek zuzenduko du tailerra. Saioak eguerdietan izango dira, 14:30-16:30 artean. Antolakuntzak ohartarazi duenez, 0-3 urte arteko haurrak tailerrera eraman daitezke. 3 urtetik aurrerako haurrentzat haurtzaindegi zerbitzua egongo da Potxoenea bertan.

Azkenik, adinekoei zuzenduta, bideoforum saio bana antolatu du Udalak, Santuenea Kultur Elkartean ekainaren 11n 16:30etan eta hilaren 20an 17:30etan Aginagan. Bi hitzorduotan ere dinamizatzaile lanak Jimenezek egingo ditu. “Antonia” izeneko filma eskainiko da eta ekitaldiotan, tertuliarako tartea ere hartuko da.