Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren gaia pil-pilean den honetan, "Errausketari ateak ixten" dokumentalaren proiekzioa programatu dute ITAYA Gazte Asanbladak eta Usurbil Zero Zabor bilguneak, gaurko, ekainaren 8rako, 18:30etatik aurrera Sutegiko auditorioan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, "Dokumentalean zaborraren problematika bere osotasunean azaleratzen saiatu gara: garai bateko zaborraren kudeaketa, Europan dauden eredu desberdinak, Europar Batzordeak hiri hondakinak tratatzeko ezarria duen hierarkia, balorizazio energetikoa, errauskailuak beharko lukeen zabortegia, errauskailuak osasunari eta ingurumenari dakarzkion kalteak, errauskailuaren atzean dauden interesak, zementuaren sektorearen indarra, atez ateko bilketaren ezaugarriak, bosgarren edukiontziaren desabantailak... Hori da gutxi gorabehera lan honetan aurkituko duzuen menua. On egin diezazuela. Eta sobrak ondo sailkatu bakoitza dagokion lekuan...".