Sei egun baino ez dira geratzen, iganderako, ekainaren 17rako Donostiako Saguesen Gipuzkoa Zero Zabor bilguneak deitua duen ekimena burutzeko. Haize errota koloretsu bat irudikatuko duen mosaiko erraldoia eraiki nahi dute, herritarren laguntzaz. Horretarako ordea, herritarrek koloretazko kartulinak eskuratu beharko dituzte. Azken bi igandeotan Usurbil Zero Zabor taldekoek jarritako mahaian eskuratu ahal izan dira kartulinok. Baina oraindik lortu ez dituenak, ostiral honetan, ekainaren 15ean 19:00etan izango du azken aukera. UZZ-koek mahaia berriz, plazan jarriko dute.
Igandeko hitzordua gerturatu ahala bestalde, ugarituz doaz GZZ-koek antolaturiko ekimenerako atxikimenduak. Atzo eguerdian, herritar eta zenbait eragileetako ordezkariek taldeko argazkia atera zuten frontoian. Larunbatean bestalde, osasun arloko hainbat profesionalen txanda izan zen. Donostiako Onkologiko aurrean argazkia atera zuten. Komunikatu bat ere kaleratu dute, esanez "sinatzaileok Gipuzkoako errauste planta eraikitzeko proiektua bertan behera uztea eskatzen dugu eta bat egiten dugu Gipuzkoa Zero Zabor eragileak ekainaren 17an Donostian antolatu duen "Aire garbiak bira nazan. Zero errausketa. Mosaiko erraldoia" aldarrikapen festarekin".
Bat egiteko arrazoien artean, honakoa adierazten dute. "Osasungintza eta hondakinen kudeaketa. Arazoetan berdinak, baina konponbidean ere bai. Osasungintzan ondo asko dakigu prebenitzea sendatzea baino hobea dela. Gure ahaleginak gaixotasunak sendatzera, arazoa konpontzera baino, gaixotasuna prebenitzera, arazoa saihestera bideratu behar dugu. Hondakinekin ere berdin gertatzen da. Zaborra sortu eta tratatzea baino hobea da prebentzioan ahalegin guztia egitea, zaborrik ez sortzeko, errausketa bezalako tratamendu toxikoak ekiditeko. Hondakinen prebentzioan inbertitzeak osasuna babestea esan nahi du".
Goiz osoko aldarrikapen festa
Igandean, 10:00etan hasiko da Donostiako Saguesen GZZ-koek antolatu duten aldarrikapen festa. Musikari eta bertsolariek girotuko dute goiza, Pirritx, Porrotx eta Marimotots ere bertan izango dira... Eguneko hitzordu nagusia dena den, 12:30etarako finkatu dute antolatzaileek. Une horretan eraikiko da haize errota koloretsu erraldoia.