Film baten proiekzioarekin eta tertulia batekin, sexualitatea aztergai izango dute astelehen honetan 16:30etatik aurrera Santuenea Kultur Elkartean. Usurbilgo Udalak, hilabete honetarako gazteei, gurasoei eta helduei zuzendurik antolatu dituen ekimen sorta honi loturiko gaurko hitzordua bitan zatitua egongo da. "Antonia" izeneko filma eskainiko da. "Sexualitatearen bidezidorretatik bidaiatzeko aukera izango dute bertaratzen direnak: harreman berriak, galera zaharrak, gorputz aldaketatik abiatuta fantasia berriak eraikitzeko aukera, bizitakoa eta bizi nahi duguna, harremanak eta ametsak gauzatzeko modu berriak...", aurreratu dute antolatzaileek. "Sexualitatearen Udazkena" izeneko tertulia ere burutuko da. "Sexualitateak adin bakoitzean bere berezitasunak izaten ditu, ez hobeak eta ez okerragoak. Gai honen inguruan tertulian aritzeko jubilatuei zuzendutako zine-forum-a", gaineratu dute. Sexu Aholkularitza Guneko arduradun Elena Jimenezek gidatuko du, jubilatuei zuzenduriko gaurko saioa. Ekainaren 20an, bigarren saio bat ere antolatu dute Aginagan.