Iragarritako sei bilkuretatik hiru burututa, aurrera jarraitzen du Usurbilgo Udaleko gobernu taldeak deituriko bilera sortak. Legegintzaldi honetako lehen urtea betetzear den honetan, Usurbilgo Udaleko gobernu taldea auzoz auzo biltzen ari da herritarrekin. Joan den astean, Santuenean, Kalezarren eta Zubietan izan ziren. Laugarren bilkura gaur arratsaldeko 19:00etatik aurrera burutuko dute, oraingoan Aginagan. Antxomolantxa Elkarteko egoitzan.
"Udalak entzuten zaitu" izeneko ekimenaren helburua, auzoz auzo herritarrekin bildu eta euren iritziak jasotzea izango da. "Noski, urtebete hau nola joan den ere azalduko dugu, gure ikuspegia emango dugu eta azalpenak mahai gainean jarriko ditugu, baina bilera hauen xede nagusia Udalaren eta herritarren arteko komunikazioa bultzatzea da", adierazi dio NOAUA!-ri alkate Mertxe Aizpuruak.
Herritarrei bileretara gerturatzeko gonbita luzatzen diete udal gobernu taldetik: "Bilera hauetan parte hartzera gonbidatzen zaitugu eta denon artean Usurbil hobeago bat egiten saiatuko gara".
Datozen egunotan, Txokoalden eta Kaxkoan ere bilkura bana burutuko da. Hona hemen, hitzordu guztion egutegia:
Ekainak 11, astelehena: Aginaga
19:00 Antxomolantxa Elkartea.
Ekainak 13, asteazkena: Urdaiaga/Txokoalde
19:00 Erroizpe elkartea.
Ekainak 18, astelehena: Kaxkoa
19:00 Potxoenea.