GZZ, Aldundiaren hondakinen plangintzari buruz: "Plana oso ona da"

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 11a, 00:00

"Plana oso ona da, ingurumen ikuspegitik, ekonomia ikuspegitik eta ikuspegi sozialetik". Hitz hauekin laburbildu eta baloratu du Gipuzkoa Zero Zabor bilguneak Foru Aldundiak joan den astean aurkeztu zuen hondakinen plangintza. Gaineratzen dutenez, "Zero Zabor filosofiarekin bat egiten du erabat plangintzak". Murrizketa, birziklapen edota ikerketa eta garapen ikuspuntuetatik baloratu dute Aldundiaren plana.

Zubietarako aurreikusitako biometanizazio plantaren gaia, sakon aztertu beharko dela irizten diote. Bestalde, diotenez, bilguneak "ez du ontzat ematen inolako errefusa mailarik". Horregatik, etorkizunera begira hori ahalbidetzeko bitartekoak aktibatuta egotea eskatzen dute. Edozein kasutan, erreusarentzat "tratamendu ez toxikoa ematea oso positibotzat daukagu. Are eta gehiago, hamarkada bat Foru Aldunditik eta beste hainbat eragileren ahotatik, erreusarentzat, errausketa bezalako soluzio toxikoa besterik ez zegoela entzun eta entzun aritu garenean". 

Ordezkari politikoak ekarpenak egitera deitzen dituzte. "Alderdi politikoei dei egiten diegu ika-mika politikoak alde batera utzi, eta edukien inguruan ekarpenak egin ditzaketela uste badute egin ditzaten, mamiari ez heltzeko bestelako kontuekin zalaparta ateratzen jardun beharrean. Bereziki PSErekin gogoratzen gara, duela sei urte, errausketaren aurka hitz egiten zuenean egin zuen proposamenaren ildotik baitoa nazioarteko adituek landutako proposamena". 

Balorazio osoa, GZZ-koen web orrialdean: gipuzkoazz.com