Kantu Taldekoen azken entsegu saioa Mikel Markezekin, ekainaren 19an

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 12a, 00:00

Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko kideek, bi hitzordu berezirekin agurtuko dute amaitzear den ikasturte hau. Lehenbizi, astebete barru, ekainaren 19an azken entsegu saiorako hitzordua egin dute. Ohiko orduan, 18:30-19:30 artean, baina ezohiko lekuan, Udarregi Ikastolan izan ordez Artzabalen, eta gonbidatu berezi batekin; ekitaldia Mikel Markez abeslariak girotuko baitu. “Mikel Markez kantari ezagunak lagunduko gaitu kantuan. Euskal kantuen nondik norakoa aurkeztuz eta bukaeran, lagunarteko solasaldia izango da mokadu goxoen inguruan”, ohartarazi dute antolatzaileek. Ikasturtea, Santixabelen baitan ekainaren 30ean ospatuko den kantu-zikiro janarekin amaituko dute.