Urtero moduan, Santixabelak amaitu ostean, asteburu pasa antolatu ohi dute Andatza Mendizale Elkartekoek. Ekainean Errioxan egon ostean, oraingoan, uztailaren 14 eta 15erako. Web orrialde bidez iragarri dutenez, aurten Piedrafitako zirkora joango dira. Asteburu pasara joateko izen ematea zabaldu dute jada, Andatza Mendizale Elkartekoek. Ikasleek eta taldeko bazkideek 60 euro ordaindu beharko dituzte, gainerakoek 65 euro, "aterpeko pentsio erdia eta autobusa barne direlarik. Izena ematerakoan 20 euro jarriko dira". Ohi bezala, ordainketak Andatzakoek Kutxan duten kontu korronte zenbaki honetan egin beharko dira, uztailaren 9a baino lehen: 2101.0069.16.0121883656.
Asteburu pasaren inguruko argibide guztien berri emateko, uztailaren 12an bilera antolatu dute Andatzakoek, 19:00etan Sutegin. Hona hemen, bi egunetarako lotu duten programa (informazio gehiago, http://www.andatzamendizale.info web orrialdean):
Uztailak 14, larunbata
6:30ean irteera autobusez Oiardo udal kiroldegiko aparkalekutik. Sallent de Gallegora iritsi eta La Sarratik abiatuko gara, Paso del Onso aldera. Arrieleko lakuak ikusi ondoren Respomusoko aterpera iritsiko gara bertan afaldu eta lo egiteko. Ibilbidea 5 ordu ingurukoa izango da.
Uztailak 15, igandea
Aterpean gosaldu ondoren, GR-11 ibilbideari jarraituko diogu eta Llena Cantal lakua igaro ondoren Tebarraiko lepora iritsiko gara, gaiurreko bidea hartzeko. Kontuz ibili beharreko azken ertza igaro eta, Tebarraiko gailurrera iritsiko gara. Gailurrak 2.916 mt ditu eta bistak zoragarriak dira. Infiernos, Garmo Negro, Argualas, Facha, Balaitus, Frondellas, Telera, Midi d’Ossau edo urrutiko Vignemale, Taillón, Perdido, Petrechema eta Anie ikusteko aukera izango dugu eguraldia lagun bada. Gailurra utzi eta berriro lepora jaitsiko gara. Infiernoseko lepoa igaro eta Ibones Azules eta Bachimañako urtegitik pasako gara, beherantz hartu eta Panticosara iristeko. Ibilbidea 7 ordu ingurukoa izango da. Ondoren autobusez Usurbilera itzuliko gara.