Usurbilgo Itunak, osasungintzako profesionalek edota udalerriz udalerri eragile eta herritarrek egin bezala, prentsaurreko bidez kirola eta kultur arloetako aurpegi ezagunek atxikimendua adierazi diote, igande honetarako Gipuzkoa Zero Zabor bilguneak Donostiako Saguesen antolatu duen ekimenari. Haize errota koloretsu baten irudia izango duen mosaiko erraldoia eraiki nahi dute, herritarren laguntzaz.
Ainhoa Aierbe aktoreak eta Joseba Tapia musikariak irakurri duten adierazpenaren bidez, aipatu moduan, bat egin dute ekainaren 17ko hitzordu honekin. "Sinatzaileok Gipuzkoan errauste planta eraikitzeko proiektua bertan behera uztea eskatzen dugu eta bat egiten dugu Gipuzkoa Zero Zabor gizarte eragileak ekainaren 17an Donostian antolatu duen "Aire garbiak bira nazan. Zero errausketa. Mosaiko erraldoia" aldarrikapen festarekin", adierazi dute.
Etorkizun hobeago baten alde agertu dira baita. "Etsipenean eta ezkortasunean oinarritutako etorkizun grixa albo batera utzi eta gure esku dagoena egin dezagun gure seme-alaba, iloba eta bilobek merezi duten etorkizun koloretsu eta hobeagoa izan dezaten", gaineratu dute.
Ekitaldiak aurpegi ezagun ugari bildu ditu; baita tartean, herritarrak ere. Bertan ziren, besteak beste, Iñaki Errasti edota Sarai Lizaso arraunlariak, Oiana Blanco judoka, Imanol Agirretxe futbol jokalaria, edota Ixabel Agirresarobe aktorea. Atxikimenduen artean ere badira herritar gehiago, Haritz Harreguy edota Paki Iradi anbulatorioko erizaina.
"Gipuzkoar guztiok talde berean jokatu behar dugu partida honetan"
Guztiek errautsa, zaborra, kea, kutsadura, porlana, kolore grixa eta gaitza bezalako kontzeptuen aurrean, "etorkizuna aldarrikatzen dugu. Bizitzaren koloreak. Naturarekiko oreka. Arrazionaltasuna eta iraunkortasuna. Materialak ez dira zaborra. Materialek badute balioa, badute kolorea. Koloreak badu etorkizuna. Alaitasunez kolorez marrazten da, osasuna eta itxaropena ere bai. Etorkizuna kolorez jantziko dugu, osasunez, itxaropenez, konpromisoz. Etorkizuna edukiko dugu, etorkizunean sinisten dugulako".
Igandeko ekimenarekin bat egin duten kirolarien aldetik, ziotenez, "ohituta gaude erronkak gainditzera". Irakurritako adierazpenak jasotzen duenez, "saiatzen ez denak nekez gauzatzen ditu helburuak. Gipuzkoar guztiok talde berean jokatu behar dugu partida honetan. Etorkizun osasungarri, koloretsu eta itxaropentsu baten alde. Elkarrekin arituz lortuko dugu".
Ildo beretik doaz, kultura munduko ordezkarien adierazpenak ere. "Kultura eta sormena. Aurrera egiteko ezinbestekoak. Aurrera egitea ezinbestekoa. Ezin dugu etsipenean ezinari kateatuta bizi. Kultura daukanak badaki hori. Bilatzen ez duenak nekez aurkitzen du. Arazoek konponbidea daukate. Konponbidea bilatu behar aurkituko badugu. Konponbidea ez da berez etortzen. Kultura eta sormena etorkizunaren oinarri. Etorkizuna guk sortuko duguna izango da eta".
Hemen, ekainaren 17ko ekimenari atxikimendua adierazi diotenen zerrenda:
-Ainhoa Aierbe.
-Joseba Tapia.
-Imanol Agirretxe.
-Jagoba Beobide.
-Hodei Mendinueta.
-Joxe Manuel Erasun.
-Juan Carlos Otero.
-Asier Izagirre.
-Ibon Urbieta.
-Oiana Blanco.
-Iñaki Errasti.
-Sarai Lizaso.
-Haize Zinkunegi.
-Imanol Ubeda.
-Mikel Laskurain.
-Ixabel Agirresarobe.
-Aitor Gorosabel.
-Joxe Mari Agirretxe.
-Mikel Mendizabal.
-Jon Maia.
-Aitor Mendiluze.
-Ion Izagirre.
-Ibarrako sokatira taldea.
-Patxi Usobiaga.
-Aloña Galarraga.
-Maialen Lujanbio.
-Uxue Alberdi.
-Pello Zabala.
-Reyes Leiba.
-Paki Iradi.
-Julia San Jose.
-Ainere Tolosa.
-Andoni Sarriegi.
-Andoni Tolosa.
-Aitor Calvillo.
-Mikel Troitiño.
-Peio Saizar.
-Haritz Harreguy.
-Esne Beltza.
-Iñaki Apalategi.
-Edurne Ayuso.
-Eñaut Elorrieta.
-Napoka Iria.
-Aitzol Astigarraga.
-Eñaut Zubikarai.
-Maria Chruickshank.