Sexu heziketari loturiko hainbat ekimen antolatu ditu Usurbilgo Udalak, hilabete honetarako. Zine-forumak edota ikastaro desberdinak. Tartean, haur sexualitatea mintzagai izango duen tailerra prestatu dute, 0-12 urte arteko haurren guraso, arduradun eta hezitzaileentzat. Gaur jarriko da martxan Potxoenean, 14:30-16:30 artean, eta hilaren 19 eta 20an burutuko diren beste bi saioz osatua egongo da. Antolakuntzatik ekimen honen nondik norakoak aurreratu dituzte; "Jaiotzetik sexualitateak gure izaera osatzen du. Gurasoek, hezitzaileek edota tutoreek, egunerokoan egoera, galdera edo adierazpen desberdinen aurrean erantzuteko beharrean aurkitzen dira. Noiz da sexualitateaz hitz egiten hasteko garai aproposena? Zein izen eman genitaleei? Seme-alaba izango dugu laster nola, zer eta noiz azalduko diogu seme-alaba txikiari? Joera femeninoak ditu mutiko honek! Umea nola sartu da tripan? Sexologia humanistatik abiatuta lehen urtetako sexuen heziketarako giltzarri batzuk jorratuko dira tailerrean. Oinarri teorikotik abiatuta kasu praktikoak jorratuz. 0 eta 3 urte bitarteko haurrak tailerrera eraman daitezke. 3 urte baino gehiago duten haurrentzat haurtzaindegi zerbitzua egongo da Potxoenean bertan".