Urdaiaga eta Txokoaldeko herritarren txanda gaur, gobernu taldea eurekin bilduko da

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 13a, 00:00

Santuenea, Kalezar, Zubieta eta Aginaga zeharkatu ditu "Udalak entzuten zaitu" ekimenak. Lekuotan, bilkura bana burutu du Usurbilgo Udaleko gobernu taldeak, tokian tokiko bizilagunekin. Bilera erronda hau azken txanpan da jada. Gaur, Urdaiaga eta Txokoaldeko herritarren txanda izango da. 19:00etan Erroizpe elkartean finkatu du Udalak, biltzeko hitzordua.

"Udalak entzuten zaitu" izeneko ekimenaren helburua, auzoz auzo herritarrekin bildu eta euren iritziak jasotzea izango da. "Noski, urtebete hau nola joan den ere azalduko dugu, gure ikuspegia emango dugu eta azalpenak mahai gainean jarriko ditugu, baina bilera hauen xede nagusia Udalaren eta herritarren arteko komunikazioa bultzatzea da", adierazi dio NOAUA!-ri alkate Mertxe Aizpuruak. 

Herritarrei bileretara gerturatzeko gonbita luzatzen diete udal gobernu taldetik: "Bilera hauetan parte hartzera gonbidatzen zaitugu eta denon artean Usurbil hobeago bat egiten saiatuko gara".

Txokoaldeko bilera pasata, Kaxkokoa baino ez da geratzen. Hona hemen, azken bi hitzorduon zehaztasunak:

Ekainak 13, asteazkena: Urdaiaga/Txokoalde
19:00 Erroizpe elkartea.

Ekainak 18, astelehena: Kaxkoa
19:00 Potxoenea.