Hasi eskuratzen, Santixabeletarako koadrodun zapi urdina

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 14a, 00:00

Bi aste barru Usurbil Santixabeletan murgildua egongo da. Gogoan izan, aurtengo jaiak ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko direla, nahiz festan girotzen hasteko lehen ekitaldiak hilaren 27rako ere iragarri diren. Jai Batzordeak prest du jada, lehiaketa bidez aukeratu moduan, Intza Salsamendi herritarrak diseinatu duen egitaraua. Santixabeletan tradizio luzea duten ekitaldiak, hitzordu berriekin tartekatuko dira aurtengoan. Eta nobedadeen artean, Jai Batzordetik edizio honetarako luzatu nahi duten gonbita dago. Datozen Santixabel hauetan, lepoan zapi batekin jantzita ateratzera deitzen dituzte herritarrak. Ohiko koadrodun zapi urdinarekin alegia, askok Santo Tomas egunez jantzi ohi duten zapiarekin hain zuzen. 

Santixabelak Haurren Eguna ospatuz hasiko dira, ekainaren 28an. Etxeko txikienei zuzenduriko ekitaldiz josiko da hilabete honetako azken osteguna. Besteak beste, egun horretako hitzorduak lotzen dabiltzan gurasoek ginkana bat prestatu dute goizeko 10:00etarako. Duela aste batzuk NOAUA! bidez egin zuten deialdia gogorarazten dugu. Udarregi Ikastolako ikasleak parte hartzera deitzen dituzte, baina baita Usurbilen bizi arren, udalerritik kanpo ikasten dabiltzan gainerako haurrak ere. 

Santixabelak hasi aurreko bezperatan jaietako gehigarri berezia kaleratuko du NOAUA!-k.