Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den astean aurkeztu zuen hondakinak kudeatzeko plan eguneratua eztabaidatzen hasiak dira Batzar Nagusietan. Atzo burutu zuten gai honen inguruko lehen saioa. Bilduk eta Aralarrek egitasmoa babesten zuten artean, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP aurka agertu dira. Oposizioko taldeok hain zuzen, lau mozioren bidez, besteak beste, lehendik indarrean zegoen plana gauzatzea nahi dute, baita Aldundian aurkeztu berri duena Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatzea ere.
Hedabideak iragartzen ari direnez, oposizioak aurkezturiko hondakinen planaren aurkako mozioak gaur bozkatzekoak dira. Zenbait hedabideren arabera gainera, Juan Karlos Alduntzin ingurumen diputatuaren aurkako zentsura mozioa aurkeztea aztertzen ari dira EAJ-PNV, PSE-EE eta PP.
Alduntzin eta Azpiroz, bihar Zubietan
Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren gaia argi dagoenez, pil-pilean dago, Aldundiaren plana eta baita egunotako eztabaida saioak direla eta. San Marko Mankomunitateko lehendakari ohi eta Usurbilgo Udaleko ingurumen zinegotzi ohi Imanol Azpirozekin batera, biharko Zubietako Herri Batzarrak deitu duen bilkuran parte hartuko du ingurumen alorrako diputatu Juan Karlos Alduntzinek. 19:00etan Zubietako Kaxkape egoitzan hasiko den ekitaldian, Aldundiak aurkeztu berri duen planaren nondik norakoen berri emango dute, baita Zubietarako aurreikusiak dauden azpiegituren inguruko zehaztasunak ere.