Amaitu dute kirol urtea Usurbil Kirol Elkarteko kideek. Denboraldia ordea ez dute besterik gabe agurtu nahi. Mende erdia betetzear den elkarteak kirola eta jai giroa nahastuko dituen Eskubaloi Eguna antolatu du larunbat honetarako. "Uda gertu dugunez, eskubaloi denboraldiari amaiera emateko asmoz, festa bat antolatu dugu. Egun eder bat pasa nahi dugu aurtengo denboraldiko jokalariak, aurreko urteetan ibilitakoak, entrenatzaileak, klubeko ordezkariak eta gurasoak elkartuz", berri eman dute Usurbil Kirol Elkartetik.
Egun osoan zehar, hainbat eskubaloi partida jokatuko dituzte frontoian eta Oiardo Kiroldegian, maila desberdinetako jokalari edota zenbait entrenatzaileek. Eguna, Aginaga sagardotegian afari baten bueltan amaituko dute. Sagardotegiko menua dastatu ahal izango da otorduan. Kafea barne, infantil, kadete eta jubenil mailako jokalariek 20 euro ordaindu beharko dituzte, gainerakoek 28 euro. Txartelak aldez aurretik, tabernetan salgai jarriko dituzte. Afalostean, denboraldiko jokalari onenen artean sariak banatuko dituzte. "Denok gonbidatuta zaudete afaltzera, gurasoak, eskubaloian lehen ibilitakoak, orain dabiltzanak edo ongi pasatzera animatzen den edozein", adierazi dute antolatzaileek.
Hona hemen, larunbaterako lotu duten egitarau osoa:
11:00 Infantil-alebin neskak frontoian.
12:00 Infantil-alebin mutilak frontoian.
15:30 Jubenil mutilak eta entrenatzaileak Oiardo Kiroldegian.
16:20 Kadete-jubenil neskak Oiardo Kiroldegian.
17:10 Senior-beterana neskak Oiardo Kiroldegian.
18:00 Senior-beterano mutilen triangularra Oiardo Kiroldegian.
Gauean, afaria Aginaga sagardotegian eta jokalari onenen sari banaketa.