GZZ: "Zabortegi kutsakorren eta errausketaren bazterketa aldarrikatuko ditugu festa giro alaiean"

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 15a, 00:00

Gipuzkoa Zero Zabor bilguneak iganderako Donostiako Saguesen antolatu duen aldarrikapen festaren aurreko azken agerraldia burutu du gaur goizean, hiriburuko Koldo Mitxelenan. "Aire garbiak bira nazan, Zero Errausketa!" izenarekin antolatu duten hitzorduan, herritarren laguntzaz haize errota koloretsu bat irudikatu nahi dute. Mosaiko erraldoi bat eraiki. "Itxaropenaren koloreak aldarrikatuko ditugu, errota biratuko duen aire garbia aldarrikatuko dugu, zabortegi kutsakorren eta errausketaren bazterketa aldarrikatuko ditugu festa giro alaiean", adierazi dute GZZ-ko ordezkariek.

Etziko ekitaldia Gipuzkoako hondakinen kudeaketa hilabete erabakigarritzat jo duten honetan antolatu dute GZZ-koek. Hor dago, nazioarteko adituen laguntzarekin Aldundiak aurkeztu berri duen plana, sei hilabeteko moratoria ere amaitzear da eta GZZ-tik gaur goizean gaineratu dutenez, "Europako erakunde gorenetatik behin eta berriz neurri positiboak hartu diren iragarpenak datoz. Europako Batzordearen Materialen efizientziarako bide orria eta Europako Parlamentuak 2020 urterako material birziklagarrien errausketa debekatzeko eskaera tartean". Hau guztia kontuan izanik ere, ohartarazi dutenez, "nonbait, ez dira arrazoi nahiko batzuek errausketarekiko duten irrika ase-ezina baztertzeko". 

Igandeko ekimenaren bidez, aurrera begira, "Zero Zabor norabidean etengabeko hobekuntza aldarrikatzen dugu eta ibilbide horretan zehar errefusaren tratamendu ez toxikoak bultzatzea". 

Foru Aldundiaren planaz: "Oso ona da"
Errausketa eta egungo zabortegi ereduak baztertzen dituen Aldundiaren hondakinen kudeaketarako plan eguneratuaren inguruko balorazioa ere eskaini dute gaurko agerraldian. "Plana oso ona da, ingurumen ikupegitik, ekonomia ikuspegitik eta ikuspegi sozialetik", adierazi dute GZZ-ko kideek. Alderdi politikoei ika-mikak alboratu eta plan honen edukiari loturiko ekarpenak egitera deitzen dituzte. Gaineratu dutenez, "bereziki PSErekin gogoratzen gara, duela sei urte, errausketaren aurka hitzegiten zuenean egin zuen proposamenaren ildotik baitoa nazioarteko adituek landutako proposamena". 

Balorazio osoa eta igandeko hitzorduari buruzko informazio zabala, GZZ-koen web orrialdean: gipuzkoazz.com