Zenbait hedabide berri ematen ari direnez, D3M-Askatasuna auzian auziperatuak zeuden hamahiru euskal herritarrak, Agurtzane Solaberrieta usurbildarra tartean, absolbitu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. BERRIA.info-ren arabera, auziperatuek arratsaldeko bostetan prentsaurrekoa eskainiko dute.
Epaiketa honen harira herrian sortu zen "Eskubide guztiak proiektu guztientzat" sostengu taldeak bestalde, elkarretaratzea deitu du gaur arratsaldeko 19:30etarako, Mikel Laboa plazan. Epaiketa salatu eta epaituei elkartasuna adierazteko deitu da aipatu mobilizazioa. 13 euskal herritar auziperatuak daude, tartean Agurtzane Solaberrieta eta beste 12 lagun.
Hasiera batean, Fiskalak 13 auziperatuentzat espetxea zigorra eskatzen zuen. Gerora ordea, eskaerak aldatu eta auziperatuetako bi, Fernando Antia eta Aitor Ligerzana absolbitzearen alde agertu zen. Lehen zazpina urteko espetxe zigor eskaera egina zuen Fiskalak.
Gainerakoentzat espetxe zigor murritzagoak eskatuak zituzten. Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Agurtzane Solaberrieta, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta eta Zuriñe Zorrozuari espetxe zigor eskaera bederatzi urtetik seira jaitsi die fiskalak —ETAko kide izatea leporatzen zien—, eta Jose Antonio Munduate eta Xabier Isasari zazpi urteko eskaera bostera —ETAri laguntza ematea egozten zieten.
Ezin izan dute frogatu
Maiatzaren 3an hasi eta 17an amaitu zen epaiketa. Akusazioak deitutako lekukoek aldiz, epaiketa osoan zehar ezin izan dute D3M eta Askatasuna ETArekin lotzen duten froga zehatzik aurkeztu.
Epaiketa salatu eta auziperatuei elkartasuna adierazteko hainbat ekimen burutu ziren Usurbilen, epaiketa hasi aurretik eta epaiketak iraun artean. Herrian sortu den "Eskubide guztiak proiektu guztientzat" sostengu taldeak antolatuta, elkarretaratze, batzar edota beste zenbait ekitaldi burutu dira azken hileotan.