Hasierako Lanbide Prestakuntza Programetako ikasleen lan erakusketa egunotan

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 18a, 00:00

Ikasturtea agurtzear dugun honetan, ikastetxe edota herriko talde desberdinetako ikasleek urtean zehar egindakoa jendaurrean erakutsi asmo dute datozen asteotan. Hiru erakusketen bidez, Hasierako Lanbide Prestakuntza Programak, Artzabalgo pintura ikastaroko edota Zirriborro Tailerreko kideen jarduna bertatik bertara ikusteko aukera izango da Sutegin. 

Usurbil FT-ren historia jasotzen duen erakusketaren lekukoa, astelehen honetan, ekainaren 18an Hasierako Lanbide Prestakuntza Programak hartuko du. Atallun egoitza duen ikastetxeko kideen lanak erakusgai jarrita, "ikasturtean zehar, ikasleek buruturiko lanak Usurbilgo herriari erakutsi nahi dizkiogu. Era horretan, gazteek egindako lanak eta ekintzak plazaratu nahi ditugu". Erakusketa, argazkiez eta erakustaldi praktikoez osatuko dute. "Gerturatzen diren herritarrek ilea orraztu eta pintxo gozoak probatzeko parada izango dute", ohartarazi dute ikastetxetik. 

Artzabalgo pintura ikastaroko eta Zirriborro Tailerreko ikasleen lan erakusketekin, Sutegiko aretoa zabalik izango da Santixabelak pasa arte. Hona hemen, erakusketa hauen inguruko zehaztasun gehiago:

-Hasierako Lanbide Prestakuntza Programako ikasleen lan erakusketa:
Epea: ekainak 18-20.
Ordutegia: 11:30-13:30.

-Artzabalgo pintura ikastaroko ikasleen lan erakusketa:
Epea: ekainak 21-25.
Ordutegia: ostegun eta ostiralean, 17:00-20:00 artean; larunbatean, 10:00-13:00 eta 17:00-20:00 artean; igandean, 10:00-13:00 artean.

-Zirriborro Tailerreko ikasleen lan erakusketa:
Epea: ekainak 26-uztailak 3.
Ordutegia: 11:00-13:00 / 18:00-20:00.