Gaur amaituko du Usurbilgo Udalak azken asteotan herritarrekin burutu duen bilera erronda. Kaxkoan, Potxoenean gaur arratsaldeko 19:00etarako deitu duen hitzorduarekin izango da.
"Udalak entzuten zaitu" izeneko ekimenaren helburua, auzoz auzo herritarrekin bildu eta euren iritziak jasotzea da. Santuenea, Kalezar, Zubieta, Aginaga eta Txokoalde bisitatu ditu Usurbilgo Bilduk. Lekuotan, bilkura bana burutu du Usurbilgo Udaleko gobernu taldeak, tokian tokiko bizilagunekin. "Noski, urtebete hau nola joan den ere azalduko dugu, gure ikuspegia emango dugu eta azalpenak mahai gainean jarriko ditugu, baina bilera hauen xede nagusia Udalaren eta herritarren arteko komunikazioa bultzatzea da", adierazi dio NOAUA!-ri alkate Mertxe Aizpuruak. Herritarrei bileretara gerturatzeko gonbita luzatzen diete udal gobernu taldetik: "Bilera hauetan parte hartzera gonbidatzen zaitugu eta denon artean Usurbil hobeago bat egiten saiatuko gara".
Hemen bera, bilera erronda honetako azken bilkuraren hitzordua:
Ekainak 18, astelehena: Kaxkoa
19:00 Potxoenea.