Haize errota koloretsu bat irudikatuko zuen mosaiko erraldoia eraikitzeko deia luzatua zuen Gipuzkoa Zero Zabor taldeak, atzorako Donostiako Saguesen. Ondoko irudiak argi uzten duen moduan, gipuzkoarrek ezin hobeto erantzun zioten gonbitari. 5.000 lagun zenbatu ziren atzoko hitzorduan, iaz Zubietan grabatu zen flash mob ekimenak izan zuen parte hartzea bikoiztu du, errausketaren aurka gipuzkoarrek eraiki zuten haize errota koloretsua. Haize errota koloretsua irudikatuz, Zurriola hondartzan aire garbia biratu zutenen artean, hainbat eta hainbat zubietar eta usurbildar zeuden. Baita besteak beste, Mertxe Aizpurua alkatea, ingurumen alorreko zinegotzi Jose Maria Rivadeneyra edota Amaiur koalizioko diputatu eta udalerri honetako alkate ohi, Xabier Mikel Errekondo ere.
Aire garbia biratzeko ekimenean parte hartu zuten baita, Foru Aldundiko gobernu taldeko kideek ere; tartean, Ahaldun Nagusi Martin Garitanok edota ingurumen alorreko diputatu Juan Karlos Alduntzinek.
Guztiak "furra furra" dioen euskal abesti ezagunaren erritmora dantzan aritu ziren, jai giroa eta errausketaren aurkako aldarria uztartuz. Sagues inguruak bete zituen deialdiak. Eguerdian izan zen hitzordu nagusia, haize errota koloretsua irudikatzeko ekimen nagusia alegia, baina girotzeko goizean zehar ekitaldi gehiago ospatu ziren. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek emanaldia eskaini zuten, zenbait bertsolarik ere saioa eman zuten, eta artean, antolakuntza eguerdiko ekimena prestatzen lanean buru-belarri. Kasu askotan, herritarrek esku artean behar zituzten kartulinak agortuta, herritarrak ilaran Zurriola hondartzara jaisteko zain... Jendetza atzo Saguesen.
Haize errota koloretsua eraiki aurretik, antolatzaileek hartu zuten hitza. Adierazi zutenez, "herritarrok osatuko dugu kolorezko errota. Biraka hasiko den errota honek biraka segiko du, etorkizuna daukalako, etorkizunean sinesten duelako. Dakizuen bezala, herritarrako gorpuztutako errota honek badu mezu bat herrialde hau zuzentzen dutenentzat. Entzun dadila ozen! Aire garbiak bira nazan, zero errausketa!".
"Egundokoa izan da"
Hitzek baino argiago erakusten dute atzo aterako argazkiek, zer nolako harrera izan duen GZZ-koek antolaturiko ekimenak. Lehen balorazio positiboa egin dute atzoko hitzorduaren inguruan. "Egundokoa izan da. Zuei guztioi esker lortu dugu erakustea Zero Zabor norabideari ekiteko eskaeraren atzean milaka herritar daudela. Duela urtebete pasa egin genuen Flash Mob arrakastatsuan lortu genuen parte hartzea bikoiztea gainditu dugu.
Momentuz antolakuntzak jarritako garabitik argazkilariek ateratako argazki hau zintzilikatu dute GZZ-koek euren web orrialdean. Bideoak ere grabatu dituzte ordea. Iragarri dutenez, "astean zehar bideoak editatu eta web orrian jarriko ditugu". Grabatutako irudiak ikusita, antolatzaileek gaineratu dutenez, "jakin ezazuen, oilo ipurdia jartzeko moduko irudiak dauzkagula garabitik eta Ulia menditik hartuta".
Material hau guztia, aipatu moduan, gipuzkoazz.com web orrialdean ikusi ahal izango da egunotan. Antolatzaileek atzo bertan berri eman zutenez bestalde, mosaiko erraldoia eraikitzeko herritarrek erabilitako koloretazko kartulinak ikastoletan banatuko dituzte, berrerabil ditzaten.
Irudia: GZZ.