Usurbil FT-k antolaturiko Usurbil Cup txapelketa amaierara heldu da, azken partidak larunbatean jokatuko dira. Aurreko urteetako final saioekin alderatuta, berrikuntzak txertatu dituzte aurtengoan. Batetik, ekimenean parte hartu duten minibenjamin mailako taldeak txapelketan zehar ez dira elkarren artean lehiatu, eta honenbestez, ekainaren 23an talde guztiek jokatuko dute. Goizez 10:30etatik aurrera, Oiardo Kiroldegian.
Arratsaldez, 16:00etan hasita gainerako mailetako taldeen txanda izango da. Final saioak frontoian jokatuko dira. Partidak amaituta, sari banaketa burutuko da, Usurbil FT-k aurreikusia duenez, 20:30ak aldera. "Guztientzako izango da oparia amaieran", adierazi dute antolakuntzatik. Usurbil FT-tik ohartarazi nahi dutenez, "sari banaketaren garaian, gauzak azkartze aldera, talde berdineko jokalariak elkarrekin egon daitezela" eskatzen dute. Eguna bukatzeko, Usurbil Cup txapelketan parte hartu duten guztiek taldeko argazkia aterako dute Mikel Laboa plazan.
Final saioetako partiden ordutegiak, web orrialde honetako Agenda atalean kontsulta daitezke.
Giro ederra, Klubaren Egunean
Herriko futbol taldeek amaitu dute denboraldia. Kirol urtea futbolean eta festa giroan agurtu zuten aurreko larunbatean ospaturi zuten Klubaren Egunean. Gaztetxoenek hainbat jolasetan parte hartzeko aukera izan zuten. Egitarauaren baitan burutu ziren bestalde, Usurbil Cup txapelketako finalerdiak ere. Usurbil FT-ko kide eta kide ohiek areto futboleko partidak ere jokatu zituzten. Triki poteo batekin eta Agerialden ospatu zuten afari eder baten bueltan amaitu zen Klubaren Eguna. Larunbatean bertan itxi zen bestalde, aurreko astean zehar ikusgai egon zen Usurbil FT-ren 36 urteotako historia jasotzen duen erakusketa.