Jasotako babesa eta elkartasuna eskertu du Agurtzane Solaberrietak

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 19a, 00:00

D3M-Askatasuna auziko epaia kaleratu zen atzo. Espainiako Auzitegi Nazionalak auziperatu guztiak absolbitzea erabaki du, tartean, Agurtzane Solaberrieta usurbildarra. Albistea jakin eta ordu gutxira, elkarretaratzea deitu zuen herrian sortua den "Eskubide guztiak proiektu guztientzat" sostengu taldeak, 19:30etarako Mikel Laboa plazan. Senide, udal ordezkari eta herritarrekin batera, Solaberrieta ere bertan zen. Pozik, jasotako babesa eta elkartasuna eskertu nahi izan zituen, baina oraindik egiteko asko dagoela gaineratu zuen. Bide batez, beste herritar bat egoera berean dagoela ere gogorarazi nahi izan zuten atzoko mobilizazioan. Marisa Alejandro usurbildarra hain zuzen, auzi bidean dago eta.

"Azken epaiketa politikoa izan dadila"
Usurbilgo elkarretaratzea baino ordu batzuk lehenago, absolbituak izan zirela jakin eta gutxira, auziperatuek Ezker Abertzalearekin batera agerraldia burutu zuten Donostian. Argi dute, absoluzioa ez dutela Auzitegi Nazionalean irabazi, "absoluzio epai hau Euskal Herrian irabazi dugu". Eskerrak helarazi nahi izan zizkieten, epaiketaren aurka eta eskubide zibil eta politikoen alde buruturiko elkartasun lanarengatik, herritar eta eragileei, modu berezian Eleak mugimenduari. Epaiketan esandakoa berretsi zuten, alegia, 2009ko hauteskundeetan parte hartzea defendatzea izan zela euren asmoa. Eta euskaldunen aurkako azken epaiketa politikoa izatea espero dutela adierazi zuten. "Ez dadila inor gehiago epaitua izan bere lan poitikoa egiteagatik", esan zuten. Ezker Abertzaleko ordezkari Maribi Ugarteburuk gogorarazi zuenez, "Euskal jendarteak irabazi du epaiketa hau eta euskal jendarteak irabaziko du demokrazia egoera Euskal Herriarentzako".

Espainiako Auzitegi Nazionalak atzo kaleratu zuen epaiak oso argi dio: Ezker Abertzaleko zerrendak bultzatzeak, ez du inor ETAko kide bihurtzen.