Granollers Cup txapelketarekin hitzordua dute ekainaren 27an, eskubaloi taldeek

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 19a, 00:00

Usurbil Kirol Elkarteak 50. urteurrenaren bidean jarri duen denboraldia, jai giroan borobildu zuen joan den larunbatean ospatu zuten Eskubaloi Egunarekin. Frontoian goizean eta Oiardo Kiroldegian arratsaldez, kategoria desberdinetako jokalari edota entrenatzaileek lagun arteko hainbat neurketa jokatu zituzten. Aginaga sagardotegian afari ederra dastatuz amaitu zuten eguna. Otorduaren ostean, urteko jokalari onenei sariak banatzekoak ziren.

Granollers Cup, ekainaren 27an
Bestalde, Leioako C.D. Askartza Claret klubak ekainaren 9rako antolatu zuen Ander Manzanedo 2012 txapelketan parte hartu zuten alebin eta infantil mailetako herriko eskubaloi taldeek. Usurbil Kirol Elkartetik berri eman dutenez, 1.500 lagun inguruk parte hartu zuten, Euskal Herrikoekin batera, Galizia, Asturias, Andaluzia, Gaztela, Aragoi edota Frantziatik bertaratutako taldeei esker. "Benjamin, alebin, infantil, kadete, jubenil, senior eta beterano, neska zein mutil, izan ziren bertan parte-hartzaile. Eskubaloiaren festa ikaragarria!", nabarmendu dute Usurbil Kirol Elkartetik. 

Kirol urtea amaitu duten arren, udako oporraldian murgildu aurretik beste hitzordu bat dute eskubaloi taldeek. Granollers Cup txapelketa ospetsuan parte hartuko dute, ekainaren 27an. "Mundu mailan eskubaloiko txapelketa handienetako bat da, Kanadatik Australiara eta Errusiatik Txilera, Afrika, Asia eta Europako beste taldeak ahaztu gabe... Munduko ia nazio guztietatik taldeak joaten dira", adierazi dute.