Kiki, Koko eta Moko pailazoen emanaldia gaur, 17:00etan frontoian

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 19a, 00:00

NOAUA! Kultur Elkarteak "Plis Plas Txalo eta Jolas" ekimenaren baitan Kiki, Koko eta Moko pailazoen emanaldia antolatu du astearte honetarako, ekainaren 19rako. Ekitaldia, 17:00etan hasiko da frontoian. "Ni natura naiz" izeneko emanaldia eskainiko dute. "Kiki, Koko eta Moko pailazoen istorio honetan, basoko iratxoak oso izuturik daude, aztoratuta eta haserre, ikusirik gure planetako gauzarik baliotsuena, naturaren bizia, suntsitzen eta birrintzen ari dela. Eta nork edo zerk du horrek errua? Gizakiaren arduragabekeria itzelak. Istorio honetan bada zuhaitz bat ere oso gaixo dagoena, hilzorian dagoena, espezie desberdineko beste hainbat eta hainbat bezalaxe... Zuhaitz honen andere zaindariak, iratxoa bera, pozik dakusa  Kiki, Koko eta Moko pailazoek, neska-mutiko asko eta askoren moduan, zer-nolako ahalegina egiten diharduten arbolari bizia itzultzeko. Aldi berean, zorioneko ikastearen abentura honetan, pailazoek eta publikoak lamiari eta basoko Zaindari Handiari entzuten diote; hauek jabearazten dituzte-eta urak, aireak eta lurrak zenbat balio duten bizitzarako. Dantza, barre, abesti, zuzen-zuzeneko musika, malabare eta pailazoen jardun txit entretenigarriari esker, denon artean erraz lortuko dugu zuhaitzari, gure protagonistari, bizitza itzultzea". 

Hortik aurrerakoak, gaur arratsaldean frontoian.