Hondakinak tratatzeko plantak, 2014ko abendurako martxan jarri asmo ditu Aldundiak

Noaua Aldizkaria 2012ko eka. 20a, 00:00

Ekainaren 30ean amaituko da, hondakinen kudeaketaren gaiari lotuta sei hilabetez indarrean egon den moratoria epea. Azken asteotan Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko gaia hedabideen lehen orrietara bueltatu da, Aldundiak datozen urteotarako plan eguneratua aurkeztu zuenetik. Herrialde mailako erakundeak alor honetan datozen urteotan egin asmo duenaren inguruko zehaztasunak eskaini zituen, Zubietako Herri Batzarrak antolatuta, joan den ostiralean ingurumen diputatu Juan Karlos Alduntzinek eta Imanol Azpirozek Kaxkapen eskaini zuten hitzaldian. 

Aldunditik bi erronka argi bete nahi dituzte datozen urteotan. 2016rako Gipuzkoako gaikako bilketa %60ra igotzea, eta 2020rako %75era. Helburuok betetzeko herrialdearen abiapuntua zein den ere zehaztu zuten; gaur egun, Gipuzkoan hondakinen %32 inguru biltzen da gaika. Lau urte barrurako beraz, gaikako bilketa bikoiztea du helburu Aldundiak. Zifra hauetara iristeko, batetik, hondakin zati guztiak gaika bildu eta tratatu nahi ditu.

Errausketa eta egungo zabortegi ereduak baztertu ditu Aldundiak duela bi aste aurkeztu zuen plan eguneratuan. Horren ordez, biometanizazio eta konpostatze plantak eraiki asmo dituzte, hiru irizpideok beteta; hondakinak, biltzen diren gunetik ahalik eta gertuen tratatzea bultzatu nahi du Aldundiak (lehen, Gipuzkoako hondakinak Zubietan erraustea aurreikusten zen), lekuan lekuko tratamendu plantak eraikiz.

Modu honetan, Aldundiak aurreikusitako inbertsioa herrialdean barrena sakabanatu asmo du. Planta desberdinak kokatuko dira Mankomunitate guztietan. Eta ondorioz, lanpostu berriak, gutxienez 120, sortzea ere aurreikusten du herrialde osoan. Eraiki asmo dituzten plantak, Zubietako biometanizazio planta bereziki, malgua izatea ere bermatu nahi du Aldundiak. Hau da, hondakinak tratatzeko behar errealetara egokitzea ahalbidetuko duen azpiegitura bultzatu nahi dute. Hasieran, erreus gehiago tratatzeko ahalmena izango duena, eta gerora, gaikako bilketaren ehunekoak gorantz egin eta honenbestez, bildutako zati organiko garbia ugaritu ahala, zati hau tratatzeko aukera ere emango duena. 

Zabortegiak ixterako, planta berriak prest
Aldundiak eraiki asmo dituen tratamendu plantak 2014ko abendurako martxan egongo direla aurreikusten du Bilduk. Alegia, egun Gipuzkoan zabalik dauden hiru zabortegiak ixterako funtzionamenduan egongo dira herrialdeko hondakinak tratatzeko eraikiko diren planta desberdinak. Lehenengoetakoa martxan jartzen, Bergaran eraikiko duten konpostatze planta izango da. Urtetebete barrurako, 2013ko udarako irekita egongo dela aurreikusten du Aldundiak, Zubietan berri eman zutenez. 

Egitasmo guztiok gauzatzeko aurrekontua zehaztua du Aldundiak. Lehen Zubietako errauste planta eta guzti, ia 400 milioi euroko inbertsioa egiteko asmoa zegoen. Orain, aurrekontua erdiraino murriztu du Bilduren gobernu taldeak. 190 milioi euro baino gutxiagoan gauzatu asmo du, datozen urteotan herrialdea zero zabor norabidean jartzeko aurkeztu duen plan eguneratua.

EGITASMO NAGUSIAK

-Zubietan biometanizazio planta eraikitzea. Beste bi txikiago Sasietan eta Urola Erdian.

-Sei konpostatze planta irekitzea, Mankomunitate bakoitzeko bat (Debabarrenan eta Urola Erdian izan ezik, bi mankomunitateok planta bakar bat partekatuko baitute).

-Ontzi arinentzako tratamendu planta eraikitzea Zubietan (hirugarrena Gipuzkoan, Urnietakoa eta Legazpikoaz gain).

-Erreusa ikertu eta aztertzeko gunea eraikitzea Zubietan.

-2014. urtea amaitzerako, Lapatx, Urteta eta Sasietako zabortegiak ixtea.

-Inbertsio guztiaren kostua: aurreko planarekin alderatuta, gastuak erdiraino murriztuko dira.

-Helburua: 2016an gaikako bilketa %60koa izatea, %75ekoa 2020an.